Euri-jasa arriskuagatik izan da indarrean hainbat alditan azken asteotan abisu horia. Gaurkoan, ordea, haizeagatik izango da. Aitor izena jarri dioten ekaitzaren eraginpean izango da iberiar penintsulako iparralde osoa, inguru hau tartean. Ondorioz, haizeagatik abisu horia indarrean izango da asteazken arratsaldeko 18:00etan hasi eta hamabi orduz, ostegun goizeko 10:00ak arte, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Gaur iluntzean, "hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izango dira, bereziki mendebaldean".
Ostegun goizaldean, "hego-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneak ez diren lekuetan".
Asteazken honetan, irailaren 25ean, Usurbilen, Euskalmet-ek iragarri duenez "zerua oso hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi. Gauean euria egin dezake. Hegoaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da; indartuz joango da, bolada gogorrekin arratsalde-gau partean. Tenperatura nahikoa edo nabarmen igoko da".
Ostegunean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, batez ere egunaren erdiko orduetan. Ekaitzak jo lezake. Egunaren hasieran hego-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, egunaren erdiko orduetan ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira; azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Ostiralean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu; trumoi-ekaitzak izan daitezke. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.