Andatzan hainbat zuhaitz moztu eta aterako ditu Foru Aldundiaren aginduz Basalan Arrospide enpresak. Guztira, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, "ustiaketa egingo den lursailak 18 hektarea inguru ditu, eta 4.047 m3 egur ustiatuko dira: Insignis pinua, Lawson altzifrea, haritz amerikarra eta itsas pinua espezietakoak dira moztuko diren zuhaitzak".
Lanok nork bideratuko dituen ere zehaztu du Udalak. "Mendiaren jabe den Gipuzkoako Aldundiak Basalan Arrospide enpresari eman dio zuhaitzak moztu eta ateratzeko baimena, eta horrek, aldi berean, Usurbilgo Udalari baimena eskatu dio basoa ustiatu eta egurra ateratzeko herri bideak erabili ahal izateko".
Zuhaitz mozketa lan hauek urtebeteko epealdian egitea baimendu dio Foru Aldundiak aipatu enpresari. Baina "Usurbilgo Udalak Aginagako tuneleko obren hasieran ezarri du muga. Izan ere, udaleko Ingurumen eta Nekazaritza sailaren arabera, bi lan horiek ez dira bateragarriak. Aginagako tuneleko obrak noiz hasiko diren zehazki ezagutzen ez bada ere, udazkenean bertan has daitezke lanak, dagoeneko lizitatu baitituzte: horiek hastean eten beharko dituzte baso-lanak".
Lanok tarteko, Udaletik ohartarazi dutenez, "zuhaitzak moztu eta atera bitartean, azken urteetan ireki berri den PR-GI-216 bidea zati batean ez da erabilgarri izango: Txangosta eta Ziortzako langa bitartean itxita izango da".