Kulturgunea

"Indartu eta kulturzale berriak erakartzeko antolatu ditugu asteburuko ekintzak"

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 25a, 12:15

Ikasturte berriari gogotik ekiteko zenbait ekintza iragarri ditu Usurbilgo Kulturguneak astebururako. Kulturzaleei hitzorduotan eta bilgunean parte hartzeko gonbita egin diete antolatzaileek.

Zertarako girotu nahi duzue ikasturte hasiera hau?
Kulturgunea itzalean dagoen bilgunea da. Bere helburua ez da ekintzak antolatzea, herriko kultur sustapena mantentzea baizik. Kulturzaleak sortzea da helburua. Talde eragiletik udan atseden hartu dugu. Bilgunea indartu eta jende berria erakartzeko antolatu ditugu asteburuko ekintzak.

Tartean, batzarra. Zer gai jorratu asmo dituzue?
Hasteko iazko balantzea egingo dugu. Orain arte egindakoa labur adierazi eta aurtengo lan-ildoak azalduko dira. Horiei buruz lanean hasiko gara taldeka, ekarpenak jasotzeko.

Zertan ari da egun Kulturgunea?
Iazko ikasturtean Elkarguneko parte hartze prozesua egin zen eta ikasturteko zati handi bat bertan eman genuen. Orain ikusi behar dugu bertan parte hartu dugun talde ezberdinen artean nola sor ditzakegun elkarren arteko sinergiak. Horrez gain, baditugu beste dinamika batzuk ez direnak Elkarguneari lotutakoak. Katalogo bat sortu nahian gabiltza, herriko sortzaileek haien lekua izan dezaten. Iaz, galdetegi bat bidali zitzaien sortzaileei. Sortzaileren bat baldin badago katalogoko formularioa bete ez duena edo ez dakiena egitasmo hau lantzen ari garela, gurekin hartuemanetan jar dadila, helaraziko diogu.

Kultur herri bizia izanik, bolumen handi samarra izango du katalogoak?
Usurbilen kategoria guztietako sortzaileak ditugu; musikariak, idazleak, bertsolariak, aktoreak... Herri honetan beti egon da sortzeko gaitasuna eta hori azaleratu behar dela uste dugu. Izan ere, askok presentzia hori dute baina beste askok ez, nahiz egunero lan horretan jardun eta hori azaleratu beharra dago. Garrantzitsua da katalogo hau izatea, herriko antolatzaileek kontratatzeko orduan jakiteko zer eskaintza dagoen herri honetan eta baita sortzaileentzako ere, beraiek ere leku bat izan dezaten.  

Elkargunea aipatu duzue. Zer eman eta jaso du Kulturguneak prozesu horretatik?
Elkarguneak eman du Kulturguneak gainerako taldeekin harremantzeko aukera gehiago eta ikusteko aukera non lortu ahal dituen kulturzaleak. Kulturguneak gazteentzako transmisio eredu izan nahi du eta hor dugu plaza egokia lanean segi eta lan-ildo berri bat martxan jartzeko aukera. Kulturgunea elkarte ezberdinen elkargunea batzeko gunea izateaz gain, beti izango du buruan transmisioa, kultur taldeei laguntza ematea ahal den gauza guztietan... Puntu askotan bat egiten dute Elkarguneak eta Kulturguneak; biek ala biek talde ezberdinen elkarlana batzen dute, horregatik sortzaileak egongo dira Elkargunean. Horrez gain, Elkargunean asko landu da baita espazio fisiko baten beharra eta horren lanketa. Kulturgunean ere hasieratik ikusten zen beharrizan bat hori izan da. 

Kulturguneak jorraturiko bidean, zer beste behar azaleratu dira?
Batez ere, gabezien artean ikusi da, orohar, talde guztietan jende falta dagoela. Ikusi da azken aldian, talde asko sortzen direla. Baina oso zaila dago taldeak aurrera eramateko jendea prest egotea. Herrigintza kontzeptu hori, boluntariotza lan hori galtzen ari da. Jendea erakarri nahi genuke herrigintzara, norberak egiteko gustukoa duen leku horretan. 

Sustatu nahi duzuen kulturzale eredua ildo horretan kokatuko duzue baita? 
Bai, bakoitza erosoen dagoen lekutik parte hartu dezala. Antolatzerako orduan ere, sinergiak beti bilatu izan ditugu bai antolatzaileen artean edo sortzaile desberdinen artean. Adibidez, Kulturgunearen hasierako proiektu bat antolatzaileen eta sortzaileen agenda komun bat izatea zen. Horrek ere ekarri du elkar ez zapaltze hori bideratzea eta Usurbilgo herri eta auzoetan egiten dena bistaratzea. Antolatzaile askok eskertu dute guk egutegi hori sortzea. Usurbilgo herri eta auzoetan beti dago zerbait baina ahalik eta ondoen egin behar dugu, elkar zapaldu gabe. Horregatik, gure lehen proiektu nagusi hori jada lortu dugu behintzat antolatzaile gehienek erabiltzea. Bere errendimendu mailarekin oso gustura gaude. Guk badakigu egun berean ekitaldi bat baino gehiago antolatu izanagatik gatazkak egon ahal izan diren egun askotan ez direla egon, aurrez hitz egin eta bideratu direlako egoera horiek bai gure aldetik zuzenean, kultur teknikariaren bidez edo antolatzaileak konturatu eta beharrezko egokitzapenak egin dituztelako.

Iazko "Xumetik" herri jaialdiaren bideo proiekzioa eskainiko duzue ostiral gau honetan Sutegin. Nola oroitzen duzue Kulturgunea plazaratzeko baliagarria izan zen Zumetaren muralaren omenaldi hura? 
Hasieratik erronka oso handia zen, ahalegin handia eskatu zuen, baina merezi izan zuen. Egun horren helburua, Kulturguneak adierazi nahi duen guztia plazaratzea izan zen; herri jaialdia denontzat egitea, bertako eta kanpoko sortzaileekin, modalitate guztiekin, formatu guztietan, auzo  eta herrietara zabaltzea. Urtebete pasa den honetan, batez ere jaialdian egon izan zuenarentzat edo une hura berriz gogoratu nahi duenarentzat, proiekzioa emango dugu ostiral gauean Sutegin. Kalitate handian grabatu zen jaialdia. Xumetik ospatu eta gutxira parte hartu zuten artistei aukera eman zitzaien Sutegin ikusteko. Orain, aukera bat eman nahi diegu herritarrei pantaila handian ikusteko. Emanaldian ikusten da parte hartu zutenek Zumetaren muralak guri sentiarazitakoa herriari ematen jarritako gogo guztia. Beraz, pasio berarekin bizi dezala proiekziora doanak Zumetaren muralak emandakoa.

Zeini zuzendua daude asteburuko ekintzak?
Proiekzioaz eta batzarraz gain, bazkaria eta bakarrizketen saioa izango dugu aurpegi ezagunekin larunbatean, pixka bat aldatzeko. Herri honetan ez dago ohitura handia bakarrizketak antolatzekoa. Euskal Herrian bai, azken urteotan indartzen joan den formatua da. Gonbidatzen dugu jendea, adin guztientzako moduko ekitaldia izango da. Gainerakoan, zalantzarik bada, Kulturguneari galdetu.Parte hartzeko deia egin nahi dugu. Gure atea beti irekita dago. 


Kulturgunearen ikasturte hasiera girotua
Irailak 27, ostirala
22:00 "Xumetik" Eguna gogoratuz bideo proiekzioa Sutegin.
Zehaztasunak: "Orain urtebete Zumetaren muralaren 50. urteurrena ospatu antolatu zen herri jaialdian berriz murgiltzeko emanaldia".

Irailak 28, larunbata
10:30 Ikasturte hasierako batzarra Potxoenean.
14:00 Kulturzaleen bazkaria Aitzaga elkartean. Izen-emateko mezu bat helarazi usurbilgokulturgunea@gmail.com helbidera.
18:30 Bakarrizketak Sutegi atarian Lauzpabost Standup taldearekin: Esti Curiel, Ander Malbadi, Iker Plazaola, Julen Portillo.

Antolatzailea: Usurbilgo Kulturgunea.