"Euskal Sagardorako sagar bilketa hasi da EAEko sagasti batzuetan eta datozen egunetan hasiko da gainerako sagastietan", Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak aditzera eman duenez.
Iazko datuekin alderatuta, heldutasuna atzerago dator sagastietan, "sagar gazietan gehienbat", Euskal Sagardoa markaren sustatzaileek aditzera eman dutenez. "Uzta txikiagoa espero da, ez-urtea tokatzen delako batetik, neguan hotz gutxi egin duelako eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota duelako". Orokorrean, Gipuzkoan Goierri inguruan sagar gehiago batuko da Beterri-Buruntzan baino, neguan hotz handiagoa
egin duelako eta horrek eraginda loraldi hobea izan dutelako sagarrondoek.
Iazko uztaren %30 batuko da
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako arduradunen esanetan, "Bizkaian ere antzeko egoera dago, kostaldean baino sagar gehiago da barrualdean eta Araban iaz gutxi eman zuen lekuetan da sagarrik gehien. Guztira iazko uztaren %30 inguru biltzea aurreikusten da". Uztak orekatzeko proiektuek beren emaitzak emanagatik ere, "zaila izango da oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea. Beste zenbait faktorek laguntzen ez badute, uzten arteko aldea handia izango da".
Iazko alkohol graduazio antzekoa
Uzta txikiak direnean azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira, "baina aurten, udarako euriak medio, iazko alkohol graduazio antzekoa izango dute. Eurien eraginez, heldutasuna ere atzeratuta dator eta sagastirik gehienetan datorren astean hasiko dira biltzen".
2 milioi kilo inguru
Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, 2 milioi kilo biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten
bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. "Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena".
Sagargileei deia
Datozen urteetarako dei egiten die Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jartzeko, akordioak bilatu eta sagarraren kudeaketa denborarekin lotzen joateko.
Euskal Sagardoaren baitan 250 sagargile eta 500 hektarea inguru sagasti daude gaur egun. "Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 47 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko". Tartean dira, Araeta, Saizar eta Urdaira. Sektoreak 15 urte barrurako erronka finkatua du. "15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia". Baina "urte asko dituzten sagasti txikietan bada arazo bat, belaunaldi-errelebo falta eta azken urteetan nabarmentzen ari da arazo hori: sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta dela, eta baserrietan lan egiten duen geroz eta gazte gutxiago dagoela. Gai horri ere heldu dio Jatorri Deiturak administrazioekin batean, etorkizunerako aukerak bilatu nahian".