Sarek deitutako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 07:36

Gaur egingo du Sarek uda osteko lehen elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Udako hilabeteetako etenaldiaren ostean, hileroko azken ostiralak mobilizatzeko egunak izango dira berriz ere Usurbilen, Euskal Herriko gainerako herrietan bezala. Sarek deituta, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea egingo da gaur, irailaren 27an, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Itzulera honen bezperatan, Euskal Herri mailako Sarek urtero urtarrilean Bilbon antolatu ohi duen manifestazio jendetsua aurkeztu du hedabideen aurrean. "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza", hauxe izango da 2025eko urtarrilaren 11n Bizkaiko hiriburuan egingo den mobilizazio nazionaleko aldarria. "Datorren urtarrilaren 11n, Bilboko kaleak, euskal gizarteak guztioi eskatzen digunaren adierazpen argia izango dira. Ordua da. Behin betiko: konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren unea da".

"Konponbide integral bat erdiestea"
Orain arte bezala, Sarek gogorarazi duenez "azken hamar urte hauetan, konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan direla SAREren ezaugarri nagusiak, eta halaxe izango direla aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako".

Prozesu honetan, premiazkotzat jotzen du Sarek "behin betiko irtenbide justua ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei". 

Saretik gogorarazi dutenez, "helburu hori lortzea gu guztion kontua da. ESKUBIDEEZ ari gara. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara eta hori da hain zuzen ere euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena".

Hemen duzue Sareren urtarrileko Bilboko manifestazio jendetsurako kartela: