Tenpora taldearen kontzertua igandean

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 08:22

Hilaren 29an Tenpora talde tolosarrak kontzertua eskainiko du Sutegin 'Ama' diskoa aurkezteko. Arratsaldeko zazpietan izango da eta sarrerak usurbilkultura.eus atarian daude salgai 6 euroan

Tenpora boskote tolosarrak Ama bere laugarren lana aurkeztuko du hilabete amaieran Usurbilen. Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak) eta Elene Arandiak (ahotsa) osatzen duten taldeak, Aitor Etxebarria musikari eta konpositoreak ekoiztutako lanean murgiltzeko aukera eskainiko du beste hainbat abestien artean.

"Izaera eklektikoko taldea dugu tenpora. Kantuak pop-a eta jazz-a artean sortu, eta elektronika eta rock progresiboa bezalako eremuetan murgiltzen direla diote adituek".

Taldea 2013an osatu zutenetik lau lan plazaratu dituzte aipatu moduan. Lehenbizi, taldearen izenarekin kaleratu zuten estreinako lana. 2015ean argitaratu zuten "Mundu berria" izenekoa. Bi urte geroago, 2017an "Itzulika" eta 2020an "Berriro asma nazazu" izenekoak. "Ama" da plazaraturiko haien lan berriena urte hasiera honetan.

Azken lan horixe da hain zuzen Usurbilera aurkeztera datozena, irailaren 29an, 19:00etan Sutegiko auditorioan. Usurbilgo Udalak antolaturiko kontzerturako sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue dagoeneko 6 eurotan. 



“Ama” diskoa aurkeztuko duzue irailaren 29an Sutegin. Zer nolako musika eta doinuak entzuteko aukera izango da?

Laugarren diskoa da, laugarren geltokia. Geltoki honetan taldeak 10-11 urte bete ditu eta kontzertuetako abestiak aukeratzen hastean konturatu denboraren joanaz. Zenbat denbora edo zenbat tenpora pasatu diren ohartu ginen. Beraz, kontzertuetan ibilbide honetan sortu eta publikoari gehien gustatzen zaizkion abestiak jotzea erabaki genuen. Ez hori bakarrik, disko berriarekin ere elikatu ditugu kontzertuak. Beraz, alde batetik, disko berriko abestiak joko ditugu, eta bestetik, publikoari gehien gustatu zaizkion abestien artean egindako aukeraketa bat. Pop eta jazz estiloetatik abiatutako musika egiten dugu. Gaur egun zer ez da popa? Disko bakoitza beste genero batzuetara iristen da edo horiekin nahasten da. Ez zaigu gure musika sailkatzea gustatzen, nahiz eta badakigun gizartean dena etiketatzeko beharra dagoela. Momentuan momentukoa egiten dugu, eta islatzea gustatzen zaigu momentuan sentitu edo bizi duguna. Hori da Tenpora guretzat. Musikariak gara eta gure musika ere aldakorra da. Gu ere aldatuz goaz gure fobia eta filia guztiekin. Iturri askotatik edaten dugu eta musika anitza sortzen dugu. Gozatzekoa.

2013an eman zenioten hasiera proiektuari eta lau disko atera dituzue ordutik. Azkena, “Ama” izenekoa urte hasieran. Nolakoa ari da izaten 11 urteko ibilbide hau?
Hasieratik argi geneukan epe luzerako proiektua izango zela. Tenpora sortu bazen, musikari denbora eta espazioa eskaintzeko izan zen. Bost musikarik osatzen dugu taldea, eta gure taldekide Juantxo eta Asier beste proiektu askotan daude sartuta; Ruper Ordorika edo Benito Lertxundirekin, adibidez. Hamaika proiektutan sartuta egon dira, eta hala jarraitzen dute. Proiektu guztietan gauza bera gertatzen zaigu, ikuskizun eta abesti bat eskatzen digutenean enkargu baterako edo, beti sentitzen genuen denbora gutxi geneukala. Proiektua gozatzeko denborarik gabe sentitzen ginen. Juantxo izan zen denok elkartu gintuen pertsona, eta helburu horrek elkartu gintuen, batik bat: musika lasai eta denborarekin sortzeko asmo eta ilusio horrek. Hala sortu zen Tenpora, epe luzerako proiektu modura. Talde osoa islatzen duen proiektu bat da eta abeslariak protagonismo hori har badezake ere, denok dugu garrantzia taldean. Alderdi hori ere garrantzitsuada guretzat.

Urte hauetan Euskal Herriko probintzia guztiak bisitatzeko aukera izan duzue? Atzerrian izan
zarete?
Gure helburua Bizkaian gehiago sartzea da. Ez da lurralde erraza kontzertuak lortzeko. Bizkaitarrek ere gauza bera diote Gipuzkoan kontzertuak emateari buruz. Azken finean, bakoitzak gertuko taldeak kontratatzeko ohitura du. Gipuzkoan asko ibili gara, baina Bizkaian bi edo hiru kontzertu egin ditugu. Araban eta Nafarroan ere izan gara. Iparraldean ere esango nuke ez garela izan. Beraz, bi lurralde horiek dauzkagu jorratzeko: Bizkaia eta Iparraldea. Atzerrian ez gara sekula izan. Proposamenen bat edo beste jaso izan dugu, baina datak zehaztea zaila da. Bost taldekide gara bakoitza bere betebeharrekin.