Datorren Euskaraldirako herrien izen-ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 15:41

Argazkia: Euskaraldia.

Ostegun honetan, Eibarren eginiko Euskaraldia ON! topaketen baitan zabaldu dute herrien izen-ematea, datorren maiatzeko Euskaraldirako.

Estreinakoz udazken amaieran ez, udaberri betean ospatuko den laugarren Euskaraldira begirako beste urrats garrantzitsu bat eman dute. Izan ere, ostegun honetan, irailaren 26an, Euskaraldia ON! topaketak egin dituzte Eibarren. "Euskaraldia posible egiten duten boluntarioak, euskara elkarteetako kideak, herritarrak eta teknikariak bildu dira", bertako Coliseo antzokian.

Hitzordu horretan, Euskaraldia antolatu eta herriz herri herritarrak saretzeko euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkeztearekin batera, urrats berri bat eman dute 2025eko maiatzean egingo den Euskaraldirako; herrien izen-ematea zabaldu dute, eguneratzeko lanean ari diren euskaraldia.eus atarian.

Eraginkortzeko
Gogoan izan, laugarren Euskaraldia 2025eko maiatzean egingo da, maiatzaren 15ean hasi eta 25era hain zuzen. "Izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”, sustatzaileen esanetan.

Data aldaketak ariketa kolektiboa eraginkortzea du xede. Hartara, gainera, Korrika urtearekin ez da egokituko eta bi ekimenak "urtez urte txandakatzen" joango dira.