Urriaren 7an

Nekane Txapartegi preso ohiaren "Zenbat Lo" liburuaren aurkezpena antolatu du Sarek

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 27a, 20:34

Urriaren 7rako antolatu du aurkezpen ekitaldia Usurbilgo Sarek.

Haur batek kartzelarekin eta preso duen amarekiko duen hartuemana. Hauxe da Nekane Txapartegi preso ohiaren "Zenbat Lo" album ilustratua. Txapartegiren beraren eta bere alabaren historian dago oinarritua. "Afektuak eta jolasak hala testua nola ilustrazioak blaitzen dituzte gaztetxo zein helduentzako obra poetiko eder honetan".

Txalapartak argitaraturiko sortze lan hau aurkezteko ekitaldia antolatu du Usurbilgo Sarek urriaren 7an, astelehenarekin, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. "Zuen gogokoa izango delakoan ekitaldian parte hartzera animatzen zaituztegu", egin du gonbita Usurbilgo Sarek, iraileko azken ostiral honetan frontoian egindako elkarretaratzearen amaieran. Ekitaldian Nekane Txapartegik berak parte hartuko du, Iraitz Lizarraga idazlearekin eta Izaro Lizarraga irudigilearekin batera.

Oroimen historikoari ekarpen feminista
Hurbileko gaia jorratuko du hitzorduak antolatzaileek gaurkoan gogorarazi moduan. Izan ere, "usurbildar batzuk bizitakoa da", oroitarazi dute gaur iluntzeko mobilizazioan. "Albumaren aurkezpenaz baliatu nahi dugu haur literaturan ezkutuan geratu izan diren gaiak azalera ekartzeko. Kartzelaratzeaz hitz egingo dugu, ama eta alabaren bortxazko banaketaz, euren arteko komunikazioa mantentzeko borrokaz...".

Modu honetan, sortze lan honekin, "memoria historikoari ikuspuntu feministatik geure ekarpena egin nahi diogu".