Gaztelekua edota gabonak hizpide izango dituen bilera bana egunotan

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 30a, 08:34

Bilera pare bat deitu dira egunotarako Usurbilen; bat, Gaztelekuko egitasmoa ezagutarazteko, erabiltzaileen gurasoei zuzendua; bestea, abenduaren 24an Mari Domingiren eta Olentzeroren harrera prestatzen hasteko. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Abenduaren 24ko bira antolatzen hasteko deia
Mari Domingiri eta Olentzerori Usurbilgo herriak abenduaren 24an egin ohi dion harrera prestatzen hasteko lehen bilera eguna finkatu dute antolatzaileek. Ostegunean, urriaren 3an bilduko dira, arratsaldeko 15:00etan Potxoenean.

Gogoan izan, Kalezartik dema plazarainoko ibilbidea osatu izan dute aurreko urteetan aipatu bi pertsonaia ezagunek, bidelagun hainbatekin. Amaierako harrera ekitaldia frontoi ondoan egiten dute.

Bilera Gaztelekuan
Irailaren 9az geroztik 12 urtetik aurrerako gazteei zuzenduriko udal zerbitzua zabalik da. Urtero ikasturte hasieran egin ohi duten moduan, gurasoentzako aurkezpen ekitaldia iragarri dute urriaren 2rako San Inazio 3an kokaturiko egoitzan bertan, arratsaldeko 18:30etan.

Ordutegi honetan zabaltzen dute Gaztelekua: astelehen eta ostegunetan 16:30-19:00 artean eta larunbatetan, 16:00-19:00 artean. Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko da: Gaztelekuan bertan, gaztelekuausurbil@gmail.com helbidean, edo 688 713 838 telefono zenbakian.