Etzi ekingo dio Ernaik ikasturte berriari

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 1a, 10:21

Usurbilgo gazte antolakundeak ikasturte berria aurkezteko elkartzeko deia egin du urriaren 3an Aitzagan.

Udazkena heltzearekin batera, ikasturte berriaren hasiera betean gara. Garai honi lotutako hainbat deialdi plazaratu dituzte herri eragileek azken asteotan; tartean da baita Ernai. Usurbilgo gazte antolakundeak ikasturte berria aurkezteko hitzordua finkatu du etzirako, urriaren 3rako. Arratsaldeko 18:30etan Aitzagan biltzeko deia egin dute sare sozialen bidez. "Ostegunean, Usurbilgo gazteok Aitzagan elkartuko gara kurtso berriari hasiera emateko! Herriko gazteri independentista elkartu eta aurten eskuartean dugun horren inguruan hitz egiteko aukera izango dugu, aisialdi eskaintza batez lagunduta", iragarri dute. Izan ere, aurkezpenaren ondotik, pintxopote independentista musikatua antolatu dute.

Elkartasun jaialdia
Ikasturte honen lehen asteotarako beste hitzordu bat iragarri du Ernaik. Buruntzaldeko gazte independentisten elkartasun jaialdia antolatu dute. Urriaren 19rako finkatu dute hitzordua Andoainen. "Gorde data!", gogorarazi dute deitzaileek.

Iragarri dutenez, "gazte borroka geldiezina dela aldarrikatzeko, Buruntzaldeako gazte independentistok urriaren 19an Andoainen elkartuko gara". Eskualde mailako topaketa honetan hitzaldia, bazkaria, manifestazio edota kontzertu gaua iragarri dituzte. Usurbilgo zenbait musikariek parte hartuko dute egunean zehar; Amebak kontzertu gauean eta Anuk eta Elenek bazkaloste girotuan.

Afarirako nahiz kontzertu gauerako txartelak Aitzagan eskuratu ahalko direla berri eman du Usurbilgo Ernaik.

Buruntzaldeko gazte independentisten elkartasun jaialdia
Urriak 19, larunbata
Andoainen:
11:00 Gaztetxean: "Euskal Herria independentziara, zergatik eta zertarako?".
Hizlariak: June Iartza eta Aritz Lopez. 
14:30 Bazkaria Beheko plazan (euria bada, Merkatuan).
Ondoren, bazkaloste musikatua Usurbilgo Anuk eta Elenerekin.
18:30 "Bat eginez independentziara" aldarripean, manifestazioa Goiko plazatik.
Ondoren, trikitpoteoa.
22:00 Kontzertuak gaztetxea: Usurbilgo Ameba, Pertz eta Rebel Noise taldeekin batera.
Ondoren, Dj La Fulana.

Oharrak:
-Gaztetxea 21:00etan irekiko da eta afaria emango dute.
-Txartelak: 15 eurotan (bazkarirako eta kontzerturako) edo 10 eurotan (kontzertuetarako soilik) Usurbilgo Aitzagan, Hernaniko Garinen, Lasarteko Ilargin eta Andoaingo Irunberrin.