Lasaixeago joan den irailaren ostetik, kultur eskaintza oparoan barneratuko da udalerri hau estreinatu berri dugun urteko hamargarren hilabete honetan. Udalak egunotan etxez etxe banatuko duen kultur agendan ikusi ahalko duzuen moduan, ospakizun giro betean ekingo diogu hilabeteari, inguruotako aurtengo azken festekin, Aginagakoekin. Urriaren 4tik 12ra San Praixkuetan murgilduko dira bertan, oilasko biltzaile, estropada, herri afari, haurren jolas, kontzertu gau eta txapelketekin.
Euskarazko literatura guztion esku online jartzen diharduen Booktegi egitasmoak bere jaieguna ospatuko du baita hirugarren urtez jarraian Usurbilen. Urriaren 26an izango da. Poesia errezitaldia, solasaldiak, antzezlana edota musika tartekatuko ditu, besteren artean NOAUA! K.E. edota Sutegi udal liburutegia lankidetzan jarri dituen egun horrek.
Literaturaz blai
Bi eragileok hitzordu gehiago ere iragarri dituzte asteotarako. NOAUA! K.E.-k, Oskar Alegriaren "Zinzindurrunkarratz" filma proiektatuko du Sutegin. Literaturari lotutako ekitaldi gehiago antolatu ditu udal liburutegiak; Iban Zalduaren "A escondidas" liburuari buruzko solasaldia egilearekin berarekin edota "Konta ditzagun ipuinak" ipuin kontaketa saioa Ixabel Agirresarobe herrikidearekin. Aginagan Antxomolantxa elkarteak "Musikaren bidaia" ipuin kontaketa saioa antolatu du.
Beste bi liburu aurkezpen ere programatu dituzte; urriaren 7an, hilabeteko azken ostiraleko elkarretaratzeak deitu ohi dituen Usurbilgo Sarek "Zenbat Lo" Nekane Txapartegi preso ohiaren argitalpena eta astebete geroago, June Fernandezen "Aingeruak eta neskameak" Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxean.
Emakumeon Etxeko talde eragileak hain zuzen, urritik urtarrilerako programazioa plazaratu du egunotan. Esteka honetan klikatuta eskura dezakezue: Emakumeon Etxeko programazioa.
Aipatu liburu aurkezpenarekin batera, "Cuidado resbala" eta "En tránsito" dokumentalen proiekzioak eta solasaldiak edota Emakumeon Topaketa antolatu dituzte.
"Sagar eta sagardo kultura"
Ziklo gehiago ere izango dira; esaterako, "Sagar eta Sagardo Kultura" tailer eta ikastaro sorta udazken honetan. Urrian, etxeko sagardoa, Sagar Dultzea edota izotz sagardoa egiteko trebakuntza saioak programatu dituzte. Hilabete amaieran, bestalde, Nafartarrak taldearen "Gure lurrean gu nagusi" izenburupean, "giza habitat ezkutua" erakusketa edota "Gure Lurrean gu nagusi" jardunaldi eguna iragarri dute.
Bestelako sorkuntza diziplinek ere tartea izango dute urriko eskaintzan. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa betean garen honetan bi herrikideren parte hartzearekin, "Sagar eta Sagardo Kultura" zikloaren baitan urteroko bertso-ibilaldia antolatu dute sagastietan barrena Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Jakoba Errekondoren argibideekin. Urriaren 20an izango da. Bezperan, Lujanbiok Santuenea K.E.-k antolaturiko bertso afarian parte hartuko du bi herrikiderekin; Uxue Fernandezekin eta Unai Muñoarekin.
Kantuari eta antzerkiari ere tartea egingo dio urriko kultur programazioak, hileroko kantu-jirarekin eta Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan ondutako "Eukalyptus" antzezlanarekin hurrenez hurren.
Hitzordu ibiltariak
Ibilian inguruak hobekiago ezagutzeko bi hitzordu ere izango dira; batetik, 16. Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna urriaren 20an. Lehenago, hilaren 5ean, estreinakoz "gerraren oroimena" izeneko bisita gidatua egingo da Usurbilgo erdigunean barrena, Usurbil 1936 elkartearen, Udalaren eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik. Oroimen historikoa berreskuratzen ari den herri eragileak, bestalde, "Lurrazpiko mintzoa: 1936ko lubakien arkeologia Andatza mendian" izeneko hitzaldia antolatu du Sutegin, aurreko urteotan bertan egindako indusketa lanetako aurkikuntzen berri emateko.
Kultur etxetik irten gabe, urriko eskaintzaren errepasoa borobiltzeko, hiru erakusketa; Pilar Herreroren "Musu Truk", Ibai Maritxalarren pintura erakusketa eta sagardotako sagarren bilduma ikusgai jarriko dute asteotan.
Hitzordu hauen guztien eta gainerakoen berri jaso dezakezue web orrialde honetako "Agenda" atalean edota usurbilkultura.eus plataforman.