Lurjausia N634 errepidean eta errekak hazita, azken orduotako euri-jasen eraginez

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 2a, 19:04

Asteazken arratsaldean izandako lurjausiak ohiko ibilgailuen joan etorria aztoratu du N634 errepidean. Errekak hazita datoz. Guztia, azken orduotako euri-jasen eraginez.

Azken orduotan etenik gabe eginiko euri zaparraden eragina nabarmentzen hasia da errepide sarean edota erreketan. Hainbat istripu eta gertakari izaten ari dira azken orduotan. Asteazken arratsalde honetan, esaterako, lurjausia izan dela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak N634 errepidean Usurbil eta Aginaga artean. 

Aspaldi hartu gabeko neurriak hartu dituzte egoera honen aurrean. Izan ere, errepidea itxi egin dute Belartza aldetik Usurbil aldera eta Orio aldetik Usurbil alderantz. Baina handik ordu gutxira Belartza aldeko sarbidea ireki dute berriz, baita Orio aldekoa ere. "Bypass" modukoa ezarri dute ibilgailuak lurjausia gertatu den eremutik igaro daitezen.

Ertzaintzak Atxegalde ingurutik Aginagarantz zihoazen ibilgailuen mugimendua kudeatu du. Gidariei egoeraz ohartarazi eta ahal dela, trafikoa Usurbil barrutik desbideratzen ahalegindu dira.

Adi ibili, beraz inguru hau zeharkatu behar duzuenok.

Errekak hazita
Lurjausiak N634 errepidean izandako eragina iruditan biltzera joan garenean azken orduotako euri zaparraden ondorio gehiagoren berri jasotzeko moduan izan gara; ur putzuak nonahi eta errekak hazita datoz asteazken arratsalde honetan. Horren adibide gisa, Atxegaldeko Mahaspildegi elkarte pareko aparkalekuan jaso eta segidan dituzuen irudiak. Aranerrekako ur-emaria ere nabarmen hazi da azken orduotan.