"Musu Truk" erakusketa ixtear, beste hiru ate joka

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 3a, 08:49

Lau erakusketa bisitatzeko aukera izango dugu asteotan Sutegin.

Sutegiko erakustaretoa sortze lanez nahiz tokiko ekoizpenaz hornitua egongo da etengabe datozen asteotarako antolatu diren hiru erakusketekin. Lehenengoa, irailaren 20tik ikusgai duzuena bisitatzeko azken egunak dituzue honako hauek.

Pilar Herrero Sokobehereren "Musu Truk" izeneko sortze lanen bildumari buruz ari gara. Asteburu honetan zabalduko dute azken aldiz.

Sortzez Donostikoa den artista Zarautzen bizi da gaur egun, eta bertan, "Artezalek-en Usurbilgo Jasone Irigoyen du irakasle". Bere sormenerako inspirazio iturri izaten dira batzuetan interneten ikusitako argazkiak; "beste batzuetan, bidaietan egiten dituen argazkietan, hala nola Vietnam, Kanboia, Norvegia, baina baita Zarautz, Elgoibar, Getarian eta beste Euskal Herriko toki batzuetan ere. Paisaiak, abstraktuak eta bestelakoak margotzen dituen arren, erretratuak dira bere gustukoenak".

Hurrengo asteetan beste bi erakusketa kokatuko dituzte kultur-etxeko aretoan; sagardotarako sagarren erakusketa eta Ibai Maritxalarren pintura erakusketa. Segidan dituzue xehetasunak.

Pilar Herrero Sokobehereren "Musu Truk" erakusketa
Epealdia: irailak 20-urriak 6.
Irekiera egunak: ostiraletan (18:00-20:00), larunbatetan (11:00-14:00 / 17:00-20:00) eta igandetan (11:00-14:00).
Tokia: Sutegi erakustaretoa.
Antolatzailea: Pilar Herrero Sokobehere.


Datozen erakusketak
Urriak 7-10
Sagardotarako sagarren erakusketa.
Non:
Sutegiko erakustaretoan eta Alkartasuna Kooperatiban.
Zehaztasunak: “Sagardotarako erabiltzen ditugun 115 barietateren artean aukeraketa ikusgai. Eraman Kooperatibara etxean dituzun sagar klaseak, Usurbilgo bilduma osatzeko”.
Antolatzaileak:
Alkartasuna Usubilgo Baserritarren kooperatiba, Sagardoaren Unibertsitatea eta Usurbilgo Udala.



Urriak 11-27
Ibai Maritxalarren pintura erakusketa
Ordutegia:
ostegun eta ostiraletan 18:00-20:00; larunbatetan: 11:00-14:00 / 17:00-20:00; igandetan 11:00-14:00.

Zehaztasunak: “Ibai Maritxalar Bilbo eta Londoneko Arte Ederretan ikasten ibili izan da. Bere bizia Euskal Herria eta Mexikoren artean partekatuz, olioarekin margotzen du, keinua, adierazpena eta koloreagatik indartsuak eta harrigarriak diren jendeak eta formak sortzen ditu”.


Urriak 28-azaroak 2
"Giza habitat ezkutatua" erakusketa
Ordutegia: astelehenetik-larunbatera, 18:00-20:00.
Zehaztasunak: "Klima, paisaia eta izaki bizidunekin batera, giza habitataren parte banandu ezinak dira: hizkuntza, kultura eta erakundeak. Bizi nahi duen herriak bere historia kontatu behar du. ·Giza habitat ezkutatua” Nabarralderen eskutik sortutako erakusketa da. 14 hormairudi edo paneletan jasota dago Euskal Herriko historia, «bere osotasunean eta testuinguruan jarrita, baina modu erraz eta sintetikoan». Izan ere, horrelako zerbaiten falta sumatzen genuen".