Kirola segurtasun maila handiagoz egiteko zenbait hobekuntza egin ditu Usurbilgo Udalak Oiardo kiroldegian. Udal iturriek aditzera emandakoaren arabera, "guztira, 17.012,92 euroko inbertsioa izan da" bai barruko zein kanpoko pistetan, udal ekimenez, "kirol ekipamendu horien gabeziak zuzentzeko bokazioarekin".
Udaletik zehaztu dutenez, bi dira hartu dituzten neurriak barruko pistan. "Batetik, kolpeetatik babesteko lona berria jarri dute barruko pistako bi ateen atzean, alderik alde, aurrekoak urte asko zituelako. Partidak jokatzerakoan ohikoa izaten da jokalariak paretaraino iristea, eta jarritako lonek kolpeak arintzen lagunduko dute. Bestetik, bi ateak ere berriak dira, iraultzeen aurkako sistema dutenak: ateen oinarriek kontrapisuak dituzte, ateak iraultzea saihesteko. Neurrira eginikoak dira, gainera: pistako fondoko marrak paretetatik oso gertu zeuden, eta ez ziren sartzen neurri arruntekoak". Kanpoko pistan, bestalde, "hausturak saihesteko sareak jarri dira ateetan. Orain arte, sare arruntak zeuzkaten, harizkoak, eta maiz puskatzen ziren, erabiltzaileen segurtasunarentzat arriskutsuak izateraino. Horregatik, burdinazko sareak jarri dituzte, eta lurrean finkatuta daude horiek ere".
Alor honetako gaiez arduratzen den zinegotzi Xabat Belokiren esanetan, "udal bezala, kirola eta ariketa fisikoa bultzatzea dagokigu, baita horretarako bitarteko edo baldintza egokiak eskaintzea ere, eta hori izan da inbertsio horiek egiteko arrazoia”.