650 Usurbil Bizi

650 Usurbil Bizi, Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldietan

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 3a, 17:27

Bestelako turismo eredua sustatzen ari den herri egitasmoa albiste dugu bisita gidatu berri bat estreinatzear delako eta beste zenbait, Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien baitan txertatu dituztelako.

Albiste bikoitza, Usurbilgo ondarea, herri nortasuna edota hemengo hainbat proiektu aitzindari ezagutarazten ari den 650 Usurbil Bizi herri egitasmoari dagokionean. Batetik, ibilbide berri batean parte hartzeko aukera izango da, urriaren 5etik, larunbatetik aurrera; Udalarekin eta Usurbil 1936 elkartearekin lankidetzan sustaturiko "Gerraren Memoria" izenekoan hain zuzen.

1936ko gerrak Usurbilen utzitako arrastoa ezagutarazi asmo dute aurrerantzean. Zortzi geltoki izango ditu ibilbideak, dagoeneko totem eta panelekin seinaleztatuak daudenak.  Halere, aipatu euskarri horietan egongo diren QR kodeei esker ibilaldi hau noiznahi osatu ahalko da. 

Ibilaldian zehar, garai hartan protagonismoa izan zuten eraikinak, kaleak, lekuek izango dute protagonismoa, baita kolpistak herrira sartu aurretik eta horren osteko gertaerek ere. Herriko beste txoko batzuetako aipamenak ere egingo dira, nahiz eta ibilaldia herri erdigunean egingo den.

Europako Ondarearen Jardunaldia
650 Usurbil Bizi herri egitasmoa ere albiste dugu, Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien harira. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan Europako Jardunaldiak sustaturiko programa honek "Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du. Aurtengoan jardunaldiek erakutsiko dute trukeek nola eraiki duten kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere eraikitzen".

109 ekitaldi iragarri dira 31 udalerrietan, "Kulturaren bideak" aldarripean; bisita iruzkinduak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, scape roomak… Zenbait hitzordu Usurbilen. Izan ere, urriko eta azaroko 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko hainbat bisita txertatu dituzte jardunaldion programazioan: urriaren 12ko, 27ko azaroaren 2ko, 23ko eta 24ko Usurbil Museo Irekia bisita gidatuetan. Herriko kaleetan dugun kultur sorkuntza ezagutzeko parada eskaintzen du ibilaldi honek. Bestalde, urriaren 26ko eta azaroaren 23ko Salbatore Eliza eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak ere jardunaldiotan txertatu dituzte.

Hemen duzue jardunaldi hauei buruzko egitarau osoa: "Ondarearen Europako Jardunaldiak". Segidan duzue, bestalde, abendura arte antolatu diren 650 Usurbil Bizi herri egitasmoari lotutako bisita gidatuen eskaintza osoa:

650 Usurbil Bizi, datozen bisita gidatuak


Urriak 5, larunbata
12:00-13:30
Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua organo erakustaldiarekin.
18:00-19:00 Gerraren Memoria ibilbidea.

Urriak 12, larunbata
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita gidatua.

Urriak 24, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Urriak 25, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Urriak 26, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Urriak 27, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua (gazteleraz).

Azaroak 2, larunbata
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita gidatua.

Azaroak 23, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Azaroak 24, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua.

Azaroak 28, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Azaroak 29, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Abenduak 7, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Abenduak 8, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua.

Abenduak 19, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Abenduak 20, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Informazio gehiago eta izen-emateak: 650usurbilbizi.eus