Usurbil 1936

"Gerraren oroimena" bisita gidatua estreinakoz larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 4a, 09:56

"Gerraren oroimena" ibilbidea osatzeko aukera izango da estreinakoz larunbatean, urriaren 5ean, Usurbil 1936 elkartearen, Usurbilgo Udalaren eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren eskutik.

1936ko gerrak Usurbilgo erdigunean utzitako arrastoa ibilbide baten bidez ezagutzeko aukera izango da estreinakoz, urriaren 5ean 18:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuko den bisita gidatuan. Usurbil 1936 elkarteak, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak sustaturiko ekimen honetarako talde txiki batentzako lekua egongo da. Beraz, bizkor izena emateko deia egin dute. Euskaraz egingo den ordubete inguruko doako bisitarako izena 650usurbilbizi.eus atarian eman ahalko da.

Zortzi geltoki izango ditu ibilbideak, dagoeneko totem eta panelekin seinaleztatuak daudenak. Larunbateko bisita eta aurrerago egingo den beste bat, Usurbil 1936 elkarteko kideekin egingo da, hortik aurrera tarteka antolatuko direnak 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko gidekin. Ibilaldi hauek talde zehatzekin egiteko aukera ere izango dela adierazi dute; esaterako, ikastolarekin hartuemanetan dira.

Halere, aipatu euskarri horietan egongo diren QR kodeei esker ibilaldi hau noiznahi osatu ahalko da. Informazio gehiago usurbil1936.eus atarian jaso ahalko du gaian sakondu nahi duenak. Ibilaldian garai hartan protagonismoa izan zuten eraikinak, kaleak, lekuek izango dute protagonismoa, baita kolpistak herrira sartu aurretik eta horren osteko gertaerek ere. Herriko beste txoko batzuetako aipamenak ere egingo dira, nahiz eta ibilaldia herri erdigunean egingo den. Usurbil 1936 elkartetik ezinbestekotzat jo zuten aste hasierako aurkezpenean Udalak eskainitako laguntza, udal talde politiko guztien onespena izan duena. "Gure asmoa erakusketa handi bat egitea zen, baina efimeroa izango zela jabetu ginen", Usurbil 1936 elkartekoen esanetan. Ibilaldi hau finkoa izango da, ordea, oroimen historikoa berreskuratzeko elkartearen hitzetan, bidelagun izan duten udaleko alkateak berak proposaturikoa.

Memoria herri eraikuntzarako
Agurtzane Solaberrietak aurkezpenean nabarmendu zuenez, orain arte alor honetan egindako lanean sakondu eta 1936ko gerrak herri honetan utzitako arrastoa beste modu batean ezagutzeko aukera izango da. Gogoan izan, lau urteko lankidetza hitzarmena sinatu zutela Udalak eta Usurbil 1936 elkarteak 2020an. Tarte honetan, hamaika ekimen bideratu dituzte; artxibategiko lana, lekukotza bilketak, indusketak, webgunearen sorrera...

Ekimen denak helburu berarekin bideratu dituzte; "oroimen historikoa berreskuratu eta transmititzea, ahanzturan gera ez dadin", alkateak nabarmendu moduan. Ezinbestekotzat jo zuen egian oinarrituriko herri memoria aldarrikatzeaz gain, urteotan egin bezala, hori lantzea herriaren eraikuntzarako. Udalak 100.000 euroko ekarpena egin du. Hitzarmenaren iraunaldia amaitzear den honetan, oso emankortzat jo zuen alkateak elkarlan hau, aldeek hartutako konpromisoak beteta amaituko dela iragarri zuen; hitzarmena, "elkarlana ez". Horregatik zioenez, "espero dut herri hau gai izatea bere memoriaren berreskurapenean jarraitzeko. Memoria ezinbesteko oinarria da bizikidetzarako, berriz halakorik ez gertatzeko berme nagusia".