Haizeagatik alerta laranjaren eraginpean izango gara asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 8a, 07:22

Artxiboko irudia.

Kirk izeneko urakanaren arrastoak helduko dira gure artera. 120 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu, bereziki, asteazken arratsaldean.

Aurreko asteazkenean gogotik bota zuen euria; lurjausia ere izan zen N634 errepidean Usurbil eta Aginaga artean. Errekak hazita eta ur putzuak nonahi izan genituen urriaren 2an. Asteazken honetarako, ere kontuan hartzeko iragarpena egiten ari dira. Izan ere, oraingoan, euriarekin batera haizea izango dugu protagonista. 120 kilometro ordutik gorako boladak izan genitzake hilaren 9an, arratsalde partean bereziki.

Hori hala izango da, gure artera datorrelako Kirk izeneko urakanak eragindako borraska sakon bat. "Urakan moduan iritsiko ez bada ere, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haize zakarra eragingo du, batez ere asteazkenean", ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.  

Herritarrei zuzenduriko honako gomendio hauek plazaratu ditu, halakoetan egin ohi duen moduan:
-Asteazken arratsaldean, urriaren 9an, ahal dela ez bidaiatu errepidez, eta, batez ere, saihestu basoak edo landaretza handiko eremuak.
-Egun horretan ez joan mendira.
-Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
-Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
-Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.

Alerta laranjan
Kirk urakanak eragindako borraskaren ondorioz, alerta laranjan izango gara asteazken arratsaldean. Egun osoan zehar, aldiz, abisu horiaren eraginpean. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gauerditik aurrera, abisu horian izango gara 24 orduz. 100 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu haizeguneetan, 80 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Asteazken arratsalde partean, alerta laranjara igaroko gara eta hala izango gara, 12:00-18:00 artean. Tarte horretan, hego nahiz hego-mendebdaldeko 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu haizeguneetan, 120 kilometro ordutik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Momentuz, astearte honetan, Usurbilen, "goizean giroa eguzkitsua izango da, arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta euritara jo dezake. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsalde-gauean indartu egingo da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Asteazkenean, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu; gauean euria egingo du. Hego-haize oso indartsua, bolada oso gogorrekin, bereziki eguerdian eta arratsaldean; arratsalde-gau partean mendebaldera aldatuko da. Tenperatura gutxi igoko da".

Ostegunean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, noizbehinka ertaina. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin egunaren lehenengo partean. Tenperatura jaitsi egingo da; gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen edo asko maximoak".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.