Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde mobilizatzeko deia asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 8a, 07:04

Donostia ospitalean, BioGipuzkoa parean mobilizatzera deitu dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek asteazken honetan, urriaren 9an, goizeko 9:30etan.

Mobilizatzeko deia egin dute beste behin, besteak beste, eskualde hau ordezkatua duten Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek. Aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza aurrean, osasun-etxe atarietan mobilizazioak deitu izan dituzte, hiriburuetan manifestazioak... Oraingo elkarretaratze hau, biharko antolatu dute, urriaren 9rako, goizeko 9:30etan Donostia ospitalaren parean, BioGipuzkoa ondoan. Orain arte bezala, deitzaileek iragarri dutenez, "osasun publiko, euskaldun, unibertsal, integral eta kalitatezkoaren alde borrokatzen jarraituko dugu".

"Ez du osasunaren ikuspegi integralik"
Izan ere, mobilizazio honen harira eta "Osasunaren Aldeko Euskal Itunerako hurrengo bileraren" atarian, herri plataforma hauek salatu dute "osasun zerbitzu pribatuaren interesak defendatzen dituzten patronalaren erakundeak eta unibertsitate pribatuak gonbidatzen dituzten bitartean, kanpoan uzten dituztela osasun publiko baten alde duela bi urte baino gehiagotik borrokan ari garen herri-plataformak".

Gaineratu dutenez, "dokumentua ez da osasunari buruzko benetako diagnostikoa. Ez du osasunaren ikuspegi integralik, ez ditu alderdi soziosanitarioak, lan-osasuna eta osasuna baldintzatzen duten beste arlo batzuk barne hartzen". Horrekin batera, "eztabaidatik kanpo uzten ditu zerbitzuen pribatizazioak eta sektore pribatura desbideratutakoak, garestiagoak badira ere, emaitza txarragoak ematen dituzten arren".

Azkenik, salatu dutenez baita, "ez dute asmorik plantilla handitzeko, ezta osasun publikoan gehiago inbertitzeko ere, eta are gutxiago Lehen Mailako Arreta lehenetsi eta erdigunean kokatzeko".