Hilean behin izaten da azken ostegunetan, udalbatzaren osoko bilkuran elkartzen den eguna. Urriari dagokion ohiko saioa aurrerago egokituko den arren, ezohiko deialdia egin du Udalak etzirako, urriaren 10erako. Ezohiko osoko bilkura iragarri du, beti bezala, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, datorren urteko, hau da, 2025eko ordenantza fiskalak hasieraz bozkatuko dituzte.
Bertan, urte berriko zerga, tasa eta prezio publikoen igoera zehaztuko dute, horretarako adostuak dituzten irizpide orokorren berri ematearekin batera.
2024ko aldaketak
Aurtengoak, gogoan izan, ohi bezala urte berriarekin jarri zituzten indarrean. Aldez aurretik, urriaren 10ean ezohiko osoko bilkuran onartu zituzten hasieraz. Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) igoera aplikatzea erabaki zuten, %2,9ko igoera. Urte amaierarako behin betiko onartu zituzten, ordura arte zabalik izandako tartean inork erreklamaziorik aurkeztu ez ostean.
%2,9ko igoera horretatik salbuetsita geratu dira aurten terrazak, Kiroldegiko abonuak eta ikastaroak, Udajolas edota haur eskola. Bestalde, ura eta estolderia tasari dagokionean, igoera orokorrarekin batera, %8ko igoera aplikatu dute aurten, hondakinen isurtzea kobratu egin da aurten.
Azken urteotako hobarien eskaintza zabalari beste bat eranstea ere erabaki dute 2024an. Ondasun Higiezinen Zergari aplikatu diotena hain zuzen.
Azken aldaketak
Aurtengo ordenantza fiskaletan txertaturiko azken aldaketak ekaina amaieran onartu zituzten behin betiko. 2024ko ordenantza fiskaletan haur eskolari lotutako kuoten aldaketa txertatu zuten, erabiltzaileen betebeharren eta eskubideen araudia onartu ostean. NOAUA! K.E.-ren Udajolaseko kuotetan ere aldaketatxo bat txertatu zuten ordenantza fiskaletan. Hobarien sistemaren araudiko bi artikulu ere egokitzea erabaki zuten lanbide arteko gutxieneko soldatan izandako igoera islatzeko. Aldaketok behin behinean onartu zituen udalbatzak apirilaren 25eko osoko bilkuran. Erreklamazio aldian inork ez zuenez alegaziorik aurkeztu behin betiko onartutzat jo zituen Udalak uda hasieran.