2,7 milioi euroko kreditu aldaketa bat onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz (EHBildu alde, EAJ aurka, PSE abstentzioa) irailaren 26ko osoko bilkuran. Udalbatzak gehiengo osoz onartutako erabaki hau jendaurrean izango da ikusgai hamabost lanegunez atzotik zenbatzen hasita, Udalak urriaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi zuenez.
Mailegua
Kreditu aldaketa horri aurre egiteko mailegu bat eskatuko du Udalak. Diru kopuru hau bi proiektu garatzeko baliatuko dute; batetik, anbulatorio ondoko zelaian kokatu asmo duten Elkargunerako eta baita haur eskola eraberritzeko ere.
Mailegu hau 2027an ordaintzen hasiko da Udala, egun ordaintzen segitzen duen Zumarte Musika Eskolako eraikina berritzeko eskatua zuena ordaintzen amaituko duen urte berean hain zuzen. Mailegu hau eskatzeari esker, udal gobernu taldetik aditzera eman zutenez, “urtero aurrekontuetan zama bat eragingo badigu ere, udal honen aurrekontua kontuan hartuta ez digu eragotziko bestelako inbertsioak egin ahal izatea: orain arte ere hala izan da”. Zenbakitan, urtero 250.000-300.000 euro bideratu beharko dira udal aurrekontuetatik mailegu hau ordaintzera. Horregatik, udal gobernu taldearen esanetan, mailegu horrek bestelako inbertsioak egin ahal izatea erraztuko du.
PSE-ko bozeramaile Petri Romerok balekotzat jo zuen mailegua orain eskatzea baina proiektuari buruzko zehaztasun gehiago jasotzeko nahia agertu zuen. Ildo beretik mintzatu zen baita EAJ udal taldea. “Ez dago ezer mahai gainean”, adierazi zuen Xabier Otxoa jeltzaleen bozeramaileak. Proiektu eta aurrekontu zehatzik gabe “abenturatzea da” bere esanetan, kreditu aldaketa hori onartzea. Ez dute beharrezkoa ikusten modu horretan egitea, gogorarazi zutenez, aurten dirurik xahutzerik izan ez eta laster 2025eko udal aurrekontuak negoziatzeko unea helduko denean. Argi utzi nahi izan zuten, “Elkargunea babesten dugu”, zioen Otxoak. Guraso talde batek eginiko eskaerarekin bat eginez, gainera, haur eskola eremu berean integratzearen alde agertu zen EAJ. Proiektuarekiko aurkakotasunagatik ez, “moduak ez dira egokiak” adieraziz aurka bozkatuko zutela iragarri zuten.
Horri erantzunez, udal gobernu taldetik jakitera eman zuten, proiektu zehatza osatzeko lanean ari direla. Gogoan izan, Elkargunearen egitasmoa diseinatzeko negu eta udaberri partean Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesua egin zela herrian. Prozesu horretan jasotakoan oinarrituko da egitasmoa. “Elkargunearen partaidetza prozesuan oso presente egon da alde ekonomikoa: oraindik ez daukagu proiektu arkitektonikorik, baina badakigu gehienez ere zeri erantzun diezaiokegun”, udal gobernu taldearen esanetan
Kreditu aldaketa hauek egiteko 2024ko udal aurrekontuen partiden garapenari eginiko jarraipenetik dator. Urtea amaitu arteko aurreikuspenak egitetik hain zuzen.
Kreditu aldaketa gehiago
Kreditu aldaketak izan ziren udalbatzak irailaren 26ko osoko bilkurako protagonistak. Aldaketa hauek tarteko, udalerri honek inoiz izandako aurrekontu handiena izaten amaituko du 2024. urtea agurtzerako; “zehazki, 19.295.800,58 eurokoa. Dena den, GAOn argitaratu eta jendaurrean egon beharko du erabakiak; alegaziorik ez bada, iragarkia berriz argitaratu eta behin-betiko bihurtuko da”. Haietako bi guztira 338.460 eurokoak izango dira. Aldaketa hauek udaletxeko teilatua berritzera (150.000 euro), udal brigadak baliatzen duen makineria berritzera, zehazkiago esanda lorezaintzako makina bat erostera (65.000 euro) edota udal barruko sarea instalatzeko programa informatikoa erostera (20.000 euro) bideratuko dituzte.
338.460 euroko inbertsioa da guztira, udal gobernu taldetik azken udalbatzarrean berri eman zutenez. Diru kopuru hori, kultura saileko beste lehentasun batzuei erantzuteko momentuz aurten bideratu ahal ezingo den Ez Dok Amairu parkerako gordetako 110.000 euroak eta diruzaintza gerakineko 228.460 euro baliatuko dituzte aipaturiko kreditu aldaketa horiek gauzatzeko.