Alerta laranja

120 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu eguerditik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 9a, 08:29

Abisu horian gara jada Kirk izeneko borraska sakonaren eraginez. Eguerditik aurrera, alerta laranjan izango gara.

Kirk izeneko urakanak eragindako borraska sakon bat datorkigu hurrengo orduotan. Euriarekin batera, haize-bolada gogorrak ekarriko dituela ohartarazten ari da Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila. Gauerdiaz geroztik, abisu horian gara haizeagatik. Hego nahiz hego-mendebaldeko haize-boladek orduko 100 kilometrotik gorako abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, 80 kilometrotik gorakoa haizeguneak ez diren tokietan.

Egoera eguerdian okertu daiteke. Izan ere, alerta laranja jarriko du indarrean Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, 12:00-18:00 artean. Tarte horretan, orduko 120 kilometrotik gorako haize-boladak izan ditzakegu haizeguneetan, orduko 100 kilometrotik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Tarte hori igarota, abisu horira itzuliko gara berriz, iluntzeko 21:00ak arte.

Herritarrei zuzenduriko honako gomendio hauek plazaratu ditu, halakoetan egin ohi duen moduan:
-Asteazken arratsaldean, urriaren 9an, ahal dela ez bidaiatu errepidez, eta, batez ere, saihestu basoak edo landaretza handiko eremuak.
-Egun horretan ez joan mendira.
-Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
-Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
-Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.

Euritara joko du gero
Baldintza hauetan, asteazken honetan, urriaren 9an Usurbilen, Euskalmet meteorologia agentziak aurreikusi duenez, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu; arratsalde-gauean euria egingo du. Hego-haize oso indartsua, bolada oso gogorrekin, bereziki eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan; arratsalde-gau partean mendebaldera aldatu eta ondoren baretu egingo da. Tenperatura nahikoa igoko da".

Ostegunean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, noizbehinka ertaina; gauean atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin egunaren lehenengo partean. Tenperatura jaitsi egingo da; gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen edo asko maximoak".

Ostiralean, "zerua partez hodeitua egongo da egunaren lehenengo partean. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta zaparradaren bat egin dezake arratsaldean eta gauean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Arratsaldean eki-osagaiko haizea nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atariaren bidez jaso dezakezue.