Osasun zerbitzu publiko, euskaldun, unibertsal, integral eta kalitatezkoaren alde borrokatzen dihardute Osakidetzaren lurralde honetako eskualde hau eta beste hainbat ordezkatzen dituzten Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek. Hiriburuetan antolatu izan dituzte manifestazioak, elkarretaratzeak egin dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza atarietan, anbulatorioetan...
Berriz kalera irten dira asteazken goiz honetan, urriaren 9an. Oraingo honetan, Donostia ospitale atarira, eremu horretan kokatua dagoen BioDonostia egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Izan ere, bertan biltzekoa zen Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu berri Alberto Martinez sektoreko eragileekin, Osasun Ituna adosteko abiatu duten prozesuaren testuinguruan.
Atarian, etenik gabe aldarrikatu dute herri plataformek osasun zerbitzu publiko kalitatezko eta duina, pribatizazioaren aurkako aldarrien artean. Bertara joandako hedabideentzat eginiko adierazpenetan, herri plataformetako ordezkariek adierazi dutenez, "ari dira esaten jende guztia kontuan izango dutela, baina plataformekin ez dute kontatu ere egin". Aldiz, gogorarazi dutenez, "asko dugu esateko eta, bestalde, irakurri dugunaren arabera, hainbat gauzekin ez gaude ados".
Esaterako, "ez dute ezer esan pribatizazioari buruz, pertsonalgo politikari buruz, lehen arretari buruz eta hori funtsezkoa da". Ez dute oinarrizkotzat jotzen osasun alorreko itun bat egingo dela esatea, horren edukia zein izango den baizik. Horretarako, "funtsezkoa da diagnosi on bat egitea. Hasieran aurkeztu zuten txostena ez zen diagnosi bat izan, datu bilketa bat baizik".
Zer nolako diagnosia egiten duten horren zain direla azpimarratu dute herri plataformetako ordezkariek, gero hortik "estrategia bat planteatu beharko da".
Prozesu horretan, ordea, ezinbestekotzat jotzen dute herri plataforma hauekin bilkura hauek egitea, izan ere, "kaleko errealitatea guk baino hobeto ez du inork ezagutzen". Hedabideen arabera, Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu berriak alde guztiekin, tartean, herri mugimendu honetako ordezkariekin biltzeko asmoa agertu du.
"Ez du osasunaren ikuspegi integralik"
Izan ere, mobilizazio honen harira eta "Osasunaren Aldeko Euskal Itunerako" gaurko bileraren atarian, herri plataforma hauek salatu dute "osasun zerbitzu pribatuaren interesak defendatzen dituzten patronalaren erakundeak eta unibertsitate pribatuak gonbidatzen dituzten bitartean, kanpoan uzten dituztela osasun publiko baten alde duela bi urte baino gehiagotik borrokan ari garen herri-plataformak".
Gaineratu dutenez, "dokumentua ez da osasunari buruzko benetako diagnostikoa. Ez du osasunaren ikuspegi integralik, ez ditu alderdi soziosanitarioak, lan-osasuna eta osasuna baldintzatzen duten beste arlo batzuk barne hartzen". Horrekin batera, "eztabaidatik kanpo uzten ditu zerbitzuen pribatizazioak eta sektore pribatura desbideratutakoak, garestiagoak badira ere, emaitza txarragoak ematen dituzten arren".
Azkenik, salatu dutenez baita, "ez dute asmorik plantilla handitzeko, ezta osasun publikoan gehiago inbertitzeko ere, eta are gutxiago Lehen Mailako Arreta lehenetsi eta erdigunean kokatzeko".