Kirk izeneko borraskaren eragina nabaria izaten ari da azken orduotan, are gehiago asteazken eguerdiaz geroztik. Usurbilgo Udalak aditzera eman duenez, Arratzain eta Aginaga arteko bidea moztu dute zuhaitz bat erori delako. Udaletik ohartarazia zutenez, zuhaitza moztu eta "haizea baretu ahala" irekitzekoak ziren bide hau; "Udaltzaingoa eta brigada lanean ari dira, sortzen diren trabei aurre egiteko. Ertzaintza dabil N634-eko trafikoa bideratzen". Jakinarazi dutenez, jada zabalik da bide hau.
Gogoan izan, arratsaldeko 18:00ak arte alerta laranjan segiko dugu orduko 120 kilometrotik gorako haize-boladak izan ditzakegulako. Abisu horira igaroko gara gero eta abisu horren eraginpean segiko dugu iluntzeko 21:00ak arte. Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, haizea "arratsalde-gau partean mendebaldera aldatu eta ondoren baretu egingo da". Euritan segiko dugu hurrengo orduotan.
Ostegunean ere, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, noizbehinka ertaina; gauean atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin egunaren lehenengo partean. Tenperatura jaitsi egingo da; gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen edo asko maximoak".
#haizea Aginaga Auzoa, Usurbil. Ura barrura sartzen da haizearekin pic.twitter.com/SeKt0L3nEp
— MAIDER ARANO (@MaiderArano) October 9, 2024
#Usurbil Haizea gogor ari da astintzen inguruok. Alerta laranjan gara: @Euskalmet pic.twitter.com/0c9cM9anqI
— noaua (@noaua) October 9, 2024