Hurbilago

Urrezko bonboia egokitu zaion hirugarren saritua

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 10a, 09:03

Hurbilagoren kanpaina gozoenaren hirugarren saritua ere agertu dela berri eman dute sustatzaileek.



Egun gozoak bizi ditu erosketak Hurbilagoren saltokietan egiten dituenak. Izan ere, duela aste pare bat abiarazitako inoizko kanpaina gozoenaren baitan, dagoeneko hiru saritu agertu dira azken egunotan. Azkena, albiste honi atxikitako eta aipatu merkatarien elkartetik helarazitako irudian duzue; Beñat Alkorta izan da saritua. Aizpurua okindegian egokitu zaio urrezko bonboia.

Herrian erosketak egiten joan ahala, agertzen doaz sarituak honenbestez. Izan ere, beste behin, saritu egin nahi du Hurbilago elkarteak bilgune horren dendetan kontsumitzen duten bezeroak. Gogoan izan, asteotan abiarazi duten kanpaina berriaren baitan, erosketa bakoitzeko bonboi bat jasoko duzue. Urrezkoa bada, adi; 100 euroko erosketa balea eskuratuko duzue. Irudiotan dituzue lehenengo hiru sarituak; Alkortarekin batera, batetik, Moises Andres. Santueneko Esnaola janari dendan egokitu zaio urrezko bonboia eta haren saria. Juan Antonio Caballerori Opilgoxon tokatu zaio.

Erosketa gozoak
Adi, oraindik urrezko bonboi bat baino gehiago daude eta herriko dendetan, zuek noiz eskuratuko zain. Izan ere, inoizko kanpainarik gozoena, bonboi forma eta zaporekoa abian du Hurbilago elkarteak. Aipatu herriko merkatarien elkarteak abiarazitako ekimeneko kartelean ageri den bonboia dastatzearekin batera, hori gutxi ez, eta 100 euro eskura ditzakegu. Horretarako, adi begiratu beharko diogu jaki goxo honen itxurari. Izan ere, bonboiaren kolorearen baitan jasoko dugu aipatu saria. Urre kolorekoa bada, ehun euro eskuratuko dituzu.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da herrian bertan erostea, Hurbilago elkarteak dituen saltokietan. Izan ere hori da helburu nagusia; bonboien amuarekin, usurbildarrek herrian bertan bizitzeaz gain, inora joan gabe bertan erostea.

Urrezko bost
Denda hauetako batean erosketak egitearen truke saltzaileak bonboi eder bat emango dizu dastatzeko. Bonboia urre kolorekoa bada, Hurbilago elkarteko dendetan xahutzeko 100 euroko erosketa balea jasoko duzu.

10.000 bonboi jarri dituzte herriko dendetan "zirkulazioan". Baina kopuru itzel horretatik bost baino ez dira izango "urrezkoak". Alegia, bost bonboik ahalbidetuko digute 100 euroko erosketa-balea eskuratzea. Urrezkoa egokitzen bazaizu, hona hemen Hurbilagokoen oharra. "Ez jan bonboia, gorde eta dendan erakutsi zure txekea jaso ahal izateko".

Urrezko Bonboien kanpainan parte hartu duten merkatariak honako hauek dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Ane Ile-Apaindegia, Artzabal Baserria-Jatetxea, Arruti Harategia, Bordatxo Taberna, Enar Estetika, Esnaola Janari-Denda, Guria Taberna, Intza Ile-Apaindegia, Iratze Natur Denda, Itziar Eraikuntzak, Laukote, Laurok Liburu-Denda, Lizardi Liburu-Denda, Lurda Mertzeria, N.I Ile-Apaindegia, Opilgoxo, Otar-Goxo, Txapeldun Jatetxea, Txirristra Taberna eta Usurbil Optika.

Ekin, beraz, dastaketa gozoari. Erosketa gozo on guztioi.