650 Usurbil Bizi

"Gerraren Memoria" eta Ondarearen Europako Jardunaldien baitako bisita gidatuak asteotan

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 10a, 13:05

Estreinatu berri den 1936ko gerraren oroimenari lotutako ibilbide berria eta Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien baitan txertatu dituzten  bisita gidatuak iragarri ditu 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak udazken honetarako. Usurbilgo herri ondarea eta herriko proiektu aitzindariak hurbiletik ezagutzeko aukera aparta izango duzue asteotan.

"Udazkenerako planak behar dituzu? Usurbilen hainbat proposamen ditugu", iragarri dute 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik azken orduotan sare sozialen bidez. Izan ere, bisita gidatuen eskaintza zabala iragarri dute udazken honetarako.

Programazio horren baitan, herri ondarea nahiz Usurbilen abian diren proiektu eradaltzaile eta aitzindariak ezagutzeko hitzorduak dituzue; herriko kaleetako sorkuntza, Salbatore elizako ondarea, hondakinen kudeaketa edoza herri hau lantzen doan zaintza ekosistema berria.

Eskaintza honi guztiari batu zaio baita, "gerraren memoria" izeneko ibilaldi gidatua. Orain arte, Andatzako lubakiak eta 1936ko gerrak inguru horretan utzitako arrastoa ezagutzeko aukera ematen zuen ibilbidea osa zitekeen. Aurrerantzean herri barruan ere egin ahalko da gai berari lotutako ibilbidea. Izan ere, "gerraren memoria" izeneko ibilbidea sortu dute Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren Elkarteak, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Herrian jarriak dauden zutabeen eta haietan dauden QR kodeen bidez norberak noiznahi egin dezake, Andatzakoaren antzera, orduko testuinguru eta gertakarietara hurbilaraziko gaituen bisita.

Baina gidekin ere egin ahalko da. Estreinakoz aurreko larunbatean egin zuen lehen herritar taldeak ibilbide hau, datorren bisita gidatua azaroaren 10erako programatu dute. "Militarrek, 1936ko uztailean Errepublikaren aurka matxinatu zirenean, sortu zuten gerrak arrasto sakona utzi zuen Usurbilen ere. Orain arte bildutako datu, dokumentu eta testigantzetan oinarrituta, herrigunean Gerraren Memoria Ibilbidea sortu du Usurbil 1936 elkarteak gertatutakoaz gutxieneko informazioa nahi duenaren eskura jartzeko xedearekin. Bisita gidatu honetan elkarteko kideek bildutako informazioa gurekin partekatuko dute zortzi geldiune dituen ibilbidean".

Europako Ondarearen Jardunaldia
650 Usurbil Bizi herri egitasmoa ere albiste dugu lerrootan, Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien harira. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan Europako Jardunaldiak sustaturiko programa honek "Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du. Aurtengoan jardunaldiek erakutsiko dute trukeek nola eraiki duten kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere eraikitzen".

109 ekitaldi iragarri dira 31 udalerrietan, "Kulturaren bideak" aldarripean; bisita iruzkinduak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, scape roomak… Zenbait hitzordu Usurbilen. Izan ere, urriko eta azaroko 650 Usurbil Bizi herri egitasmoko hainbat bisita txertatu dituzte jardunaldion programazioan: urriaren 27ko azaroaren 2ko, 23ko eta 24ko Usurbil Museo Irekia bisita gidatuetan. Herriko kaleetan dugun kultur sorkuntza ezagutzeko parada eskaintzen du ibilaldi honek. Bestalde, urriaren 26ko eta azaroaren 23ko Salbatore Eliza eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak ere jardunaldiotan txertatu dituzte.

Hemen duzue jardunaldi hauei buruzko egitarau osoa: "Ondarearen Europako Jardunaldiak". Segidan duzue, bestalde, abendura arte antolatu diren 650 Usurbil Bizi herri egitasmoari lotutako bisita gidatuen eskaintza osoa:

650 Usurbil Bizi, datozen bisita gidatuak


Urriak 24, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Urriak 25, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Urriak 26, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Urriak 27, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua (gazteleraz).

Azaroak 2, larunbata
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudiora bisita gidatua.

Azaroak 10, igandea
11:30-13:00 Gerraren Memoria ibilbidea.

Azaroak 23, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Azaroak 24, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua.

Azaroak 28, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Azaroak 29, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Abenduak 7, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Abenduak 8, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua.

Abenduak 19, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Abenduak 20, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Informazio gehiago eta izen-emateak: 650usurbilbizi.eus