Usurbilen utzi zuen arrasto sakona 1936ko gerrak. Orduan jazotakoa ez ahazteko eta berriz halakorik ez errepikatzeko "Gerraren Oroimena" ibilbidea sortu dute alor honetan eragiten diharduen Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren Elkarteak, Usurbilgo Udalak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak.
Ekainean Udalak berak, UEU-rekin eta Jakinekin antolaturiko "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko jardunaldien baitan, proba moduan egin zuten ibilaldi hau hitzordu hartako parte hartzaileekin. Baina estreinakoz, ofizialtasun osoz, iragan asteburuan egin zuten, lehen herritar taldearekin.
Noiznahi egiteko aukera
1936ko gerra garaira eta garaiko testuingurura itzultzeko aukera izan zuten. Ibilbidea, gida lanak egin zituzten Usurbil 1936 elkarteko kideek nabarmendu zuten moduan, hurrenkera zehatz batean jarraitu beharreko zortzi geltokiz osatua dago. Kontzeju Txiki parean hasten da, Dema plazan segitzen du. Saroe jauregia, Olanoeneko plaza, Askatasuna plaza eta bertako bolatoki gaina, Sutegi ataria edota udaletxe parea, horiek osatzen dute "Gerraren Oroimena" izeneko ibilaldia. Hurrenkera horretan mugitzea aholkatzen dute, garaiko kontakizunaren berri modu koherentean jaso ahal izateko.
Bisita gidatu hau aurrerantzean tarteka antolatuko dute, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak dinamizatuko du. Hurrengo hitzordua, azaroaren 10erako finkatu dute, 11:30-13:00 artean. Jada erreserbak egin ditzakezue 650usurbilbizi.eus atarian. Baina ibilbide noiznahi osa dezakezue. Izan ere, aipaturiko zortzi geltokietan kokatuak dauden zutabeetan dituzue xehetasunak baita QR kode bat, informazio gehiago jasotzeko.
Garaiko testuingurura bidaia
Beste hainbeste esan daiteke, 1936ko gerrak Andatzan utzitako aztarnei buruz ere. Iragan udaberrian egin zuten ibilaldi gidatu antzeztua. Noiznahi igo zaitezkete bertara xehetasunon berri jasotzera; batetik, auzolanean azken urteotan berreskuratu dituzten lubakiak bisitatzeko aukera izango duzue. Bestalde, zonaldeak 1936ko gerran izan zuen garrantziari buruzko informazioa jaso ahalko duzue, bertan kokatuak dituzten panelen eta QR kodeen bidez.
Mendi inguruetan soilik ez, herrian bertan 1936ko gerrak nabarmentzeko moduko aztarnak utzi zituela argi uzten du kaxkoan osa daitekeen ibilaldiak. Kolpistak herrira sartu aurretik eta horren ostean gertaturikoak, berebiziko garrantzia izan zuten eraikinak, pertsonak biziberritzen ditu, orduko testuinguru sozial eta politikora bidaiatzea ahalbidetzen digun ibilbideak.
Kolpistek Saroe etxea hartzen duten unea, errepresioari bide ematen hasten diren unea, udaletxea hartzen dutenean gertaturikoa... Emakumeek izandako parte hartzeari ere txoko propioa eskaini nahi izan diote Olanoeneko plazan. Andatzako fronteari buruzko nondik norakoen berri ere ezagutzeko aukera duzue, izan ere kolpisten aurrean inguruok babesteko altxatako defentsa lerroak zeharkatu zuen herri hau. Andatza aldean azken urteotan eginiko indusketa lanetan berreskuratutako hainbat material ikusgai jarri dute Sutegin eta bertan egongo da modu iraunkorrean ikusgai.
Gai honi buruzko informazio gehiago usurbil1936.eus atarian jaso ahalko duzue.