Aisialdiko hezitzaile izateko ikastaroari buruzko aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 11a, 08:59

Aisialdiko hezitzaile ikastaroari buruzko nondik norakoen berri emango dute gaur sustatzaileek Sutegin deitu duten aurkezpen saioan. "Gure ikastaroaren bidez lortutako titulua Eusko Jaurlaritzak homologatua da". Jone Rua Alkain Aisiolako arduradunak adierazi digunez, "elkarte eta erakunde desberdinekin lan egiteko gehien baloratzen den homologazioa".

Aisialdi hezitzaile ikastaroa, garai batean, bi ikasturtekoa izaten zen. Hau ere hala izango al da? Ala formakuntza osoa ikasturte bakarrean eskainiko da?
Aurten, ikastaroa ikasturte bakarrean egiteko aukera eskainiko dugu Udarregi ikastolan. Saioak astero izango direlarik, urritik maiatzera bitartean izango da ikastaroa.

Plaza kopurua mugatua da ala ez dago mugarik?
Taldeak osatzeko gutxienez 10 ikasle behar izaten ditugu. Gehienezko kopurua 25 pertsonakoa izango litzateke, eta hortik aurrera, bi talde osatuko genituzke. Beraz, ez genuke inor kanpoan utziko.

Udarregi ikastolan bertan eskainiko da ikastaroa. Zein da jarraituko den metodologia?
Ikastaroa, bere osotasunean, bi zatitan banatzen da: bata atal teorikoa (urritik maiatzera bitarteko saioetan beteko litzatekeena) eta bestea atal praktikoa (udan bete beharreko praktikaldia). Atal teorikoaren barnean, dena den, edukiak lantzeko metodologia praktiko
eta ludikoak bideratzen ditugu. Hezitzaile ikastaroa bera haurrekin jolas eta ekintzak egiten ikastera zuzendua dagoenez, normala den moduan, gure saioek antzekotasun handia izango dute gero errealitatean egingo diren jarduerekin.

Ikastaroa hezitzaile batek eskainiko du ala formatzaile ezberdinek parte hartuko dute ikastaroan?
Talde bakoitzeko formatzaile bat egon ohi da. Formatzaile bera arduratuko da saioak
prestatu, dinamizatu eta ebaluatzeaz. Ikastaroak berak jarraikortasun egokia izan dezan, garrantzitsua iruditzen zaigu hasieratik amaierara arte formatzaile bera mantentzea. Gure formatzaileak, orokorrean, Aisiola zein Zirimolaren (Ikastolen Elkarteko aisialdi taldea) proiektu ezberdinetan lan egin duten eta hezitzaile modura esperientzia duten pertsonak dira.

Aisialdiko eskaintza gero eta zabalagoa da eta ez da soilik uda girora mugatzen, ezta?
Hezkuntza ez-formala gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari da hezkuntzaren moduan. Hori dela eta, hezitzaile tituluak ere gero eta pisu handiagoa du hezkuntza arloko lan esparruetan. Zuk esan bezala, aisialdiko lan eskaintzak uda girotik haratago doaz. Gure hezitzaile tituluak, haietan guztietan lan egitea ahalbidetuko luke.

Urriaren 11ko aurkezpen ekitaldian xehetasun gehiago eskainiko dituzue, ezta?
Hori da. Urriaren 11n egingo den aurkezpenean nahi duen oro gonbidatuta dago. Gure helburua bertan taldea osatu, egutegia adostu eta ikastaroa martxan jartzea izango da. Eta noski, edozein zalantza argitzeko bertan izango gara. Anima zaitezte!


Aisialdiko hezitzaile ikastaroari buruzko aurkezpena
Urriak 11. ostirala.
• 18:30ean, Sutegin.
• Ikastaroa 17 urtetik gorako ikasleei zuzendua dago eta izen-ematea urriaren 25ean amaituko da. Dena den, xehetasun gehiago eskaini asmoz, aurkezpen ekitaldi bat egingo dute urriaren 11n Sutegin.
• Informazio gehiago:
zirimola.eus
943 445 108