Hurbilago

Bosgarren eta azken urrezko bonboia ere atera da

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 13:45

Argazkiak: Hurbilago.

Hurbilagok abiarazitako kanpaina gozoenaren bost sariak atera dira jada.



Hurbilagoren inoizko kanpaina gozoenaren sari guztiak banatu dituzte dagoeneko. Gogoan izan, elkarte honen dendetan erosketak egitearen truke bonboi bat jaso zitekeen dastatzeko opari gisa. Baina, adi, urrezkoa egokituz gero, ez zen dastatu behar, saria zekarren bonboia baitzen; Hurbilagoren saltokietan xahutzeko 100 euroko saria hain zuzen.

Bost ziren egokitu zitezkeen urrezko bonboiak. Egunotan atera direla jakinarazi du Hurbilagok, banan-bana. Bosgarrena eta azkenaren irudia duzue albiste honi atxikitakoa. Nagore Unanue Irureta da herriko mertakarien kanpaina gozoenaren azken saritua. Lizardin eginiko erosketetan egokitu zaio azkeneko urrezko bonboia.

Herrian bizi, herrian erosi
Segidan datozen irudiotan dituzue gainerako lau sarituak; Santueneko Esnaola janari dendan egokitu zitzaion urrezko bonboia eta haren saria, Juan Antonio Caballerori Opilgoxon, Beñat Alkortari Aizpurua okindegian eta Maria Mateori Alkartasuna kooperatiban.

Herrian erosketak egiten joan ahala, agertzen joan dira sarituok honenbestez. Izan ere, beste behin, saritu egin nahi izan du Hurbilago elkarteak bilgune horren dendetan kontsumitzen duten bezeroak. Izan ere hori da helburu nagusia; bonboien amuarekin, usurbildarrek herrian bertan bizitzeaz gain, inora joan gabe bertan erostea.

Urrezko Bonboien kanpainan parte hartu duten merkatariak honako hauek izan dira: Aizpurua okindegia, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Ane Ile-Apaindegia, Artzabal Baserria-Jatetxea, Arruti Harategia, Bordatxo Taberna, Enar Estetika, Esnaola Janari-Denda, Guria Taberna, Intza Ile-Apaindegia, Iratze Natur Denda, Itziar Eraikuntzak, Laukote, Laurok Liburu-Denda, Lizardi Liburu-Denda, Lurda Mertzeria, N.I Ile-Apaindegia, Opilgoxo, Otar-Goxo, Txapeldun Jatetxea, Txirristra Taberna eta Usurbil Optika.