"Sagar eta Sagardo Kultura"

"Gazteek tailerrean parte hartzea gustatuko litzaiguke"

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 14:29

Alkartasuna kooperatibaren eta Sagardoaren Unibertsitatearen "Sagar eta Sagardo Kultura" zikloaren baitan, sagar dultzea egiteko tailerra eskainiko dute ostegun honetan Aitzaga elkartean. Sagar dultzea egiteko tailerra, urriaren 17an, arratsaldeko 18:30ean eskainiko dute Aitzaga elkartean, lerrootako elkarrizketatu Mila Pagola eta Marije Goldarazena herrikideek.

Tailer hau emateko gonbita nondik jaso duzue?
Mila Pagola: "Sagar eta Sagardo Kulturaren" zikloa antolatu dute. Horren baitan, menbrilloak, marmelada egiteko, baina batez ere menbrilloa egiten irakasteko tailerra eskaintzea proposatu ziguten antolatzaileek. Baiezkoa esan genien. Sagar dultzeari buruzko tailerra emango dugu hurrengo astean.

Jakiok sarritan sukaldatutakoak zarete, ezta?
M.P.: Oraindik sukaldatzen jarraitzen dut urtero. Urtero egiten dut marmelada asko, menbrilloa gutxixeago. Baina marmelada piloa, sagarra dagoen garaian. Tomatea ere bai. Elikagaiak ontziratzea gogoko dut. Ahizpak lekak oparitu zizkidan eta zazpi ontzi bete nituen. Kontserbak
prestatzea gustuko dut.

Urriaren 17ko tailerrean irakasle lanetan jardungo duzue. Eta zuek, non ikasi zenuten?
M.P.: Nik neure kasa, etxetik.
Marije Goldarazena: Etxean baita, amak asko sukaldatzen zuen.
M.P.: Garai hartan ez zen izozkailurik jakiok kontserbatzeko, orain alde ederra dugu. Amak ontzietan sartzen zuen. Ez lizuntzeko gainean jartzen zion papertxo bat koñakarekin bustita.
M.G.: Gustukoago dut potean sartzea izoztea baino. Gero hobeto geratzen da.
M.P.: Niretzat ere bai, ez dago zer ikusirik. Izozkailuak gustu pixka bat ematen diola uste dut baina poteetan ateratzen da baratzetik ekarriko bazenu bezala, frexkoa bezala geratzen da. Garai batean, tomatea adibidez, sagardo edo xanpain botiletan sartzen zen.

Zer da irakatsiko duzuena? Zer nahi duzue irakatsi?
M.P.: Menbrilloa guk nola egiten dugun irakatsiko dugu. Eramateko asmoa dut sagarrarekin egiten diren elikagai guztiak; konpota, marmelada, eta gero menbrilloa, diabetikoentzako adibidez, nola sukaldatu daitekeen. Baten batek jakingo du agian gauza berriren bat.
M.G.: Egiten badute, bakoitzak dakiena partekatu egingo dugu.
M.P.: Bi eratara dut irakasteko asmoa, bat makinan egiten dena eta bestea eskuz. Gutxitan egiten duenak ez du behar makina.

Zein izan daiteke zuentzat tailer honetan parte hartu dezakeena? Nori zuzendua egotea nahi zenukete saio hau?
M.P.: Orohar, herriko jendeari zuzendua dago. Gazteek parte hartzea gustatuko litzaidake, zaharrek normalki badakitelako.

Garai batetik hona urrutiratu egin gara sukaldetik. Sukaldeez ari garela, zuenean zer nolako presentzia izan du sagarrak eta sagardun jakiek?
M.P.: Sagarrak sagardo aldetik handia gure etxean. Eta gero sagarra erreta, egunero egunero ari gara jaten, konpotan, menbrilloa gaztarekin. Orain, halere, azukre gutxixeago erabiltzen da.

Zer nolako onurak ditu sagarrak? Zer nabarmendu nahiko zenukete?
M.P.: Dena du onuragarria. Fruta bezala, hemengoa dela nabarmendu nahi nuke, zero kilometroko produktua. Sagarra beti jan da baserrietan, sagar errea beti ezagutu dut baserrian. Gure postrea izaten zen, besterik ez zen. Sagarra ganbarara eramaten zen. Negu sagarra ganbaran gordetzen zen. Urte garai horretan ere sagar errea izaten zen. Aprobetxatzeko, gure amak esaten zuen usteltzen hasitakoak ekartzeko. Ez zitzaidan batere gustatzen. Han zegoen ondoena jaten nuen nik.

Garai hartako bizimoduari buruz hitz egiten hasita, nola oroitzen duzue orduko Usurbil sagar eta sagardoaren kulturari dagokionean? Orain baino biziagoa noski?
M.P.: Ia baserri guztietan jotzen zen sagarra. Gure etxean guk sagardoa beti egiten genuen.
M.G.: Guk ez, kalekoak ginen. Orian gogoan dut, bazegoen sagardotegi oso handia, 36 kupelekin. Han sagardoa saltzen zen. Botilatu egiten zuten.
M.P.: Hamar senide ginen. Haurtzaroan gogoan dut, sagarra jotzen zenean, nola denok gonak igo eta hankekin zapaltzen nola egoten ginen. Hura gozamena izaten zen. Guk horrekin asko gozatu genuen. Muztioa ateratzen zen orduan. Hori oso gogoan dut. San Estebango ia baserri guztietan bazen tolare bat. Orain kendu egin dira.
M.G.: Baserriak ere asko ziren Orian. Lursailak baziren, orain ez, etxe piloa eraiki dute. Gu joaten ginen sagarrak hartzera.

Hori ere kultura honen parte izan da ezta?
M.P.: Gure etxean sagarra besterik izaten ez zen arren, erremediorik gabe sagarra hartuz ibiltzen ginen bidean. Bide guztian sagarrak genituen nonahi.

Hau oso orokortua zen garai hartan, sagarrak hartu eta jatea.
M.P.: Ez poltsan sartuta, hartu eta jan egiten genuen. Sa-garra janez igarotzen genuen trenbidea. Gure etxean beste frutarik ez zen sartzen. Gerora hasi ziren beste frutak, baina era neurtuan.

Sagarraren paisaia nabarmen eraldatu da ordutik. "Sagar eta Sagardo Kultura" zikloak kultura
horren transmisioan eragin nahi du. Beharrezkoa da ezta, gal ez dadin?
M.P.: Bizitza aldatu egin da nabarmen. Nik uste dut hori transmititu egin behar dela eta hurrengo belaunaldiek, beste era batera agian seguru asko, baina egingo dutela uste dut.

Zer da ikasi beharko genukeena zuen esperientziatk?
M.P.: Hemengo generoa bada, hemengoa aprobetxatzea. Lehengoan ere baserriko sagar batzuekin menbrilloa egin nuen eta lodi-lodia atera zitzaidan. Kanpoko sagarra erditik partitu eta bizpahiru egunean izaten baduzu ere ez da herdoiltzen, txuri-txuria egoten da, hori da produktu
asko duelako. Lehen ez zen halakorik izaten. Hemengo sagarra herdoildu egiten da, hain elegantea ez da izango, kanpokoak bezain politak ez, baina zero kilometrodun produktua izate hori garrantzitsua da.

Sagar eta sagardoaren kulturari lotutako zikloan garenez, ez dizuegu galdetu. Sagardo zaleak al zarete edo orohar, sagar zalegoak?
M.G.: Biak gustuko ditut. Txotxeko sagardoa gustuko dut. Lehen sagardoa txinparta handiagokoa izaten zen.
M.P.: Nik sagardoa botilakoa ere udan gustuko dut. Ez naiz sagardo zale amorratu horietakoa. Udan frexkuran edo beroa egiten duelako gustura hartzen dut. Tortilla patata bat sagardo botila batekin, afari onenak dira horiek uda garaian. Garaian garaikoa izaten zenutela aipatu duzue lerrootan. Hori galdu dugu.
M.P.: Orain, produktuak urte osoan ditugu, bai berdura eta fruta guztia.

Astebete barru eskainiko duzuen tailerrera itzulita, sukaldatzerakoan errezeta sekreturik ba al
duzue?
M.P.: Nik sekreturik ez dut. Sukaldean sekula ez dut izan sekreturik. Dakitena zabaltzea gustuko dut. Errezetak, botatzen diodan guztia hantxe agertuko da tailerrean. Sekreturik ez dago.

Gonbita egin nahi diozue zuen tailerrean parte hartu asmo duenari?
M.P.: Lotsa pixka bat ematen dit. Gonbidapena, hori antolatu dutenek eginbeharko dute. Gazteak animatu daitezela batez ere. Gustatu egingo zaie agian. Proba egiten ez duenak inoiz ez zaio gustatuko. Helduak ere, etorri nahi duena etor dadila.