"Lurrazpiko mintzoa" hitzaldia antolatu du Usurbil 1936 elkarteak. Astearte honetarako, urriaren 15erako programatu dute, arratsaldeko 19:00etan Sutegin. Andatzako indusketetan parte hartutako Josu Santamarina arkeologoak lan horietan eginiko aurkikuntzen berri emango du. Segidan dituzue ekitaldi honi buruzko xehetasunak.
Gogoan izan, Usurbil 1936 elkarteak iragan udaberrian Andatzan antolaturiko ibilaldi antzeztu eta gidatuan parte hartu zuen Santamarinak. Berak lagundu zien bertaratu zirenei, garaiko testuingurua irudikatzen.
Noiznahi egin dezakezue Andatzako lubakiak ezagutzeko bisita eta eremu horren bueltan antolaturiko "oroimenaren bidea", ibilbidean zehar aurkituko dituzuen QR kode eta panelen bidez. 1936ko gerrak Andatzan utzitako arrastoan barrena arakatzeko aukera duzue baita garai hartako gertaerek herrian bertan utzitakoa, estreinakoz, urriaren 5ean egin zen ibilaldi gidatuaren bidez.
Tarteka, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren baitan eskaintzen segiko da (hurrrengoa, azaroaren 10ean, 11:30-13:00 artean. Izen-ematea 650usurbilbizi.eus atarian), baina noiznahi egin dezakezue ibilbide hau, frontoi atzeko Kontzeju Txikitik hasita herri erdigunean jarritako zutabeen eta haietan dauden QR kodeen bidez. Ibilbideak zortzi geltoki ditu guztira.
"Lurrazpiko mintzoa: 1936ko lubakien arkeologia Andatza mendian" hitzaldia
Eguna: urriak 15, asteartea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Andatzako indusketetan aurkitutako materialaren azalpenak emango dizkigu Josu Santamarina arkeologoak. Josu Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia Garaikideko irakaslea eta Nafarroako Oroimen Historikoaren Fondo Dokumentalean ikerlaria da. Euskal Herriko Unibertsitatean Historian eta Arkeologian doktorea. Aro Garaikideko Arkeologian, Memoria Historikoan eta Ondarearen eta Giza Eskubideen didaktikan espezializatu da eta Txileko Memoria eta Giza Eskubideen Museoan egonaldi bat egin zuen. Gasteizko Memoria Gara elkarteko kidea da".
Antolatzailea: Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren Elkartea.