Amagoia Mujika Telleria saritu dute Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 16:56

Argazkia: Bilboko Udala.

Usurbilgo kazetariak Bilboko Udalak antolaturiko Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 41. edizioan saritu dute "Azazkalak" izeneko lanagatik.

Gabriel Arestiren omenez Bilboko Udalak antolaturiko ipuin lehiaketan herritar bat saritu dute aurtengoan; Usurbilgo kazetari Amagoia Mujika Telleria, berak sortutako "Azazkalak" ipuina. Izan ere, astelehen honetan banatu dituzte Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 41. edizioko sariak Bilboko udaletxean.

Euskarazko ipuinen artean NOAUA!-ko langile ohi eta egun Garan ari den kazetariarena saritu dute. Epaimahaiaren arabera, "gaiaren gordintasuna islatzen du, idazkera sinple baina zaindua erabiliz, sinbolismoz betetako eszena ederrak eraikiz". Horrez gain, "adierazi du kontakizuna sinesgarria dela, nahiz eta neskato baten ikuspuntutik idaztea zaila izan. Azkenik, "elipsien erabilera neurtua eta aparta, baita pertsonaia nagusien eboluzioa ere" nabarmendu du, ipuin biribila dela ondorioztatuz". 3.500 euroko saria jaso du Mujikak. Accesitak Oskar Azkona García bilbotarrarentzat izan dira, "Trail running" kontaketagatik eta Maitane Pérez Argote nafarrarentzat, "Lurrikarak" lanagatik.

Gaztelaniako modalitatean, aldiz, Cesar Anguianoren "Nuevo camino hacia el mar" ipuina saritu dute. Accesitak Alisa Lein argentinarrarentzat ("Bahía de los ángeles") eta Veronica Avilés Calderónentzat ("Kintsugi") izan dira.

Parte hartzea handitzen
Guztira, euskarazko 60 lan eta 1.358 kontakizun jaso dituzte gaztelaniaz. Euskarazko sorkuntza lanen parte hartzea handituz doala nabarmendu dute antolatzaileek. Nazioarteko hainbat herrialdeetatik jaso dituzte sortze lanak; esaterako 198 Argentinatik, baita Kolonbiatik, Estatu Batuetatik, Mexikotik edo Kubatik edota iberiar penintsula herrialde ezberdinetatik. "Horri esker, narrazio-estiloak eta hizkuntzaren erabilera askotarikoak izan dira".

Udal ordezkariak, Gabriel Arestiren senideak eta sarituak bildu ditu gaur eguerdian eginiko sari banaketa ekitaldiak. Bilboko Udalaren esanetan, lehiaketa honen bidez, "literatur sorkuntza sustatu nahi du, eta aldi berean, garaiko idazle euskaldun bikainenetako baten bizitza eta obra ezagutarazten lagundu, euskarazko poesiaren berritzaile nagusia baita". Era berean, Bilborekin estuki lotua zegoen XX. mendeko euskarako idazle garrantzitsuenetarikoa izandakoa omendu nahi izaten dute.