2. Joan Mari Torrealdai beka deialdira lanak aurkezteko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 15a, 08:32

Beka deialdi honen bigarren edizioan parte hartu nahi dutenek proiektuak aurkezteko urriaren 21era arteko tartea izango dute.

"Artxibo biluzia" izan da Joan Mari Torrealdai beka deialdiaren estreinako edizioaren baitan garatu den proiektua. Bigarren edizioa martxan dute haren sustatzaile Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak. Gogoan izan, "Joan Mari Torrealdai Beka kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko sortu da, bereziki Joan Mari Torrealdaik jorratu izan dituen esparru nagusietan". 

Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak sustaturiko beka deialdi honen bigarren ediziorako proiektuak aurkezteko urriaren 21era arteko epea dute interesdunek. “Euskal kultura azterketa gaur” horixe da gaia, “Joan Mari Torrealdaik duela ia 50 urte hasitako liburugintza azterketa berrikustea eta azterketa eredua beste arloetara zabaltzea” helburu duena. Lanak banaka edo taldean aurkeztu ahalko dira. Azaroa amaieran ezagutaraziko duen lan irabazlearen egileak 14.000 euro jasoko ditu. Gerora, 18 hilabeteko epea izango du proiektu horren emaitza antolatzaileei helarazteko. Proiektuaren originaltasuna, erakargarritasuna, ikerketak gizartean izan dezakeen eragina eta interes soziala, proiektuaren egingarritasuna, zehaztasun egokitasun maila edota genero-berdintasuna sustatzea. Informazio gehiago jakin.eus bidez jaso ahalko duzue.


2. Joan Mari Torrealdai beka
Beka deialdiaren xedea: kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzea, bereziki Joan Mari Torrealdaik jorratutako esparru nagusietan.
Gaia: "Euskal kultura azterketa gaur".
Ikerlanaren helburuak: Joan Mari Torrealdaik duela ia 50 urte hasitako liburugintza azterketa berrikustea eta azterketa eredua beste arloetara zabaltzea. 
Ikerlanaren ezaugarriak: gehienez 12.000 karaktereko luzera izan eta euskaraz idatzi beharko da. Proiektuak atalok izan beharko ditu:
-Izenburua.
-Lanaren ikerketa esparrua eta helburua.
-Eskatzaileak edo eskatzaile-taldeak gaiarekin duen harremana eta motibazioa.
-Aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera.
-Materialak, baliabideak eta lan metodologia.
-Lana garatzeko kronograma.
-Aurreikusitako emaitza, euskarria eta dibulgazio asmoak.
Aurkezpena: banaka edo taldean aurkez daitezke lanak jmtbeka@jakin.eus helbidean. Bi dokumentu aurkeztu beharko dira: batetik, eskatzailearen datuak (izen-abizenak, helbidea, e-maila, telefonoa, proiektuaren izenburua), eta, bestetik, izengabea izango den ikerketa-proiektua. 
Beka deialdiaren irabazlea: 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko (kopuruaren erdia izendatutakoan eta bestea ikerketaren emaitza entregatu eta epaimahaikideek onespena emandakoan). Azaroa amaieran ezagutaraziko duten irabazleak izendapena jaso eta 18 hilabeteko epea izango du lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko.
Epaimahaia: deitzaileek hautatutako bost adituk osatuko dute. Honako hauek: Haritz Azurmendik, Maialen Akizuk, Ibai Iztuetak, Ainara Lasak eta Edu Apodakak. Baloraziorako irizpideok erabiliko dituzte:
-Proiektuaren originaltasuna, erakargarritasuna.
-Ikerketak gizartean izan dezakeen eragina eta interes soziala.
-Proiektuaren egingarritasuna.
-Zehaztasun eta egokitasun maila.
-Proiektuak genero-berdintasuna sustatzea.
Oharrak:
-Emaitza dibulgazioari begirakoa izango da eta garrantzi berezia emango zaio lana gizarteratzeko egokitzeari.
-Gogoeten eta ikerketen emaitzak askotariko formak izan ditzake: liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa...
-Antolatzaileek bere gain hartuko dute proiektuaren gizarteratzea.
-Erreferentzia gisa, Torrealdairen obra osoa digitalizatua du jakin.eus atariak.
-Dirulaguntza jasotako lanaren jabetza intelektuala egilearena izango da. Bekatik erator litekeen euskarriaren jabetza antolatzaileena izango da, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkiote egileari, euskarriaren nolakotasunari dagokionaren arabera.
Eskaerak bidaltzeko epea: 2024ko urriak 21 (erabakia hilabetera jakinaraziko du epaimahaiak).
Informazio gehiagorako: jakin.eus
Sustatzaileak: Jakin Fundazioa eta Usurbilgo Udala.