Orain arte azterketa garaietan baino ez zen egoten zabalik. Aurrerantzean, etenik gabe urte osoan zehar irekita egongo da Usurbilgo Udalak DYAk Munalurran duen egoitzan egokitua duen hamasei lagunentzako ikasgela. Udaletik jakinarazi dutenez, astearte honetatik aurrera, egunero irekiko da gune hau, astelehenetik igandera, 8:00-22:00 artean. Finkoa izango da ordutegia, gunea ordea behin-behinekoa. Erabaki hau herritarrek Udalari eginiko eskaeren harira hartu da, lokal utzia zion DYArekin adostu ostean. “Dena den, DYAk bere erabilerarako gela propio bat izaten jarraituko du bertan, eta gainerako espazioa ikasgelak hartuko du”, ohartarazi dute Udaletik.
Gogoan izan, Sutegin badela ikasteko espazioa baina desegokitzat jo izan dute hainbat erabiltzaileek. “Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Hala, ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, orain arte DYAk erabiltzen duen lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa eskaini izan da, eta, aurrerantzean, modu iraunkorrean erabili ahal izango da”.