Azaroaren 16an

“Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen” jardunaldietan izena emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 15a, 10:00

Argazkia: Bizipoza elkartea.

Azaroaren 16an Sutegin egingo duten “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen”  jardunaldian izena emateko epealdia ireki du Bizipoza elkarteak.

Aurreko bi urteetan bezala, Usurbil hautatu du Bizipoza elkarteak bere aurtengo jardunaldietarako. Aurkezpen gutxi behar duen gizartegintza egitasmo honek izaera bereziko gaiak plazaratu eta euskaraz sentsibilizatzen dihardu. Horrez gain, errealitate horietan eragiten diharduten elkarteoi laguntza afektiboaz gain, eguneroko jardunerako beharrei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzeko laguntza eskaintzen dute.

Bizipoza Elkarteak zortzigarren jardunaldiak iragarri ditu hurrengo hilabeterako. “Urtero antolatzen diren jardunaldiek helburu bikoitza dute”, sustatzaileen esanetan. Batetik, “elkarte guztiak elkartu eta bakarrik ez daudela, elkarren babesa sentitzea” eta, bestalde, “elkarteen interesekoak diren gaiak landu, esperientziak partekatu eta mahainguruetan parte hartuz, tresna desberdinak eskuratzea”.

Zaintza sistema publiko komunitarioa izan zuten hizpide 2022an, Bizipoza Eskola aurkezteko baliatu zuten iazko hitzordua. Aurtengoak “Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen” aldarripean egingo dituzte. Arrazakeriaz ulertzen duguna, elkarteen begirada edota “euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitatean” hizpideon bueltan arituko dira azaroaren 16an, 9:30-13:30 artean Sutegin. Dagoeneko hitzordu honetarako izena eman dezakezue labur.eus/bizipoza8 helbidean izango duzuen formularioan. Informazio gehiago, bizipoza.eus atarian jaso ahalko duzue.