Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian gauerditik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 16a, 07:54

Prezipitazio iraunkorragatik ostegun osoan abisu horiaren eraginpean izango gara.

Uda giroko egunon ondotik, gogotik bustiko du hurrengo orduotan. Izan ere, prezipitazio iraunkorragatik abisu horiaren eraginpean egongo gara asteazken gauerdi honetatik aurrera, ostegunean, urriaren 17an, egun osoz. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke Gipuzkoan, bereziki ekialdean. Kantauri isurialdean zaparrada ertainak botako ditu eta iraunkorrak eta oso ugariak izango dira, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke eta trumoi-ekaitzak jo dezake, bereziki goizaldean eta goizean goiz".

Giro honekin, gaur, urriak 16, Usurbilen "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparradak botako ditu, batez ere arratsaldetik aurrera, eta ekaitzak jo lezake. Hego-haizea ibiliko da, eguerdi aldera mendebaldera aldatuko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da; minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Ostegunean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da eta zaparrada trumoitsuak sarri botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogor batzuekin. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsi eta maximoak nabarmen jaitsiko dira".

Ostiralean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere egunaren hasieran eta amaieran. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jaso dezakezue noiznahi.