Alerta laranja desaktibatu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 17a, 20:58

Asteazken iluntzean hasitako ekaitzen ondotik etengabe ari du euria. Prezipitazio iraunkorragatik hain zuzen, abisu horian egon gara goiz partean. Eguerdiaz geroztik egoerak okerrera egin du; alerta laranjan izan gara 20:00ak arte.

Zerua argitu eta musikatu zuten tximista eta trumoi artean barneratu ginen asteazken gauean eta etengabeko euri zaparrada artean esnatu gara gaur. Hala segiko dugu ostegun osoan zehar. Gauerdiaz geroztik abisu horian izan gara. Baina 13:00etan alerta laranja aktibatu dute. 20:00ak arte alerta kolore laranja horren eraginpean izango gara.
Gero, gauerdira arte, abisu horiaren eraginpean izango gara.

Ur putzuak nonahi daude, nabariak Txikierdi edo Troia inguruan N634 errepidean, nahiz Usurbil eta Aginaga bidean. Aranerreka ere hazita dator. Oriaren ur-emaria ere nabarmen hazten ari da azken orduotan. Segidan duzue, Euskalmet-en Lasarteko estazioan bildutako datuen grafikoa. Ibaiak maila horia gainditu du ostegun arratsaldeko 16:00ak aldera:





Iragarpena
Giro honekin, gaur, urriak 17, Usurbilen, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da eta zaparrada mardulak sarri botako ditu. Goizean ekaitzak joko du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada oso gogor batzuekin. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Ostiralean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, batez ere egunaren hasieran eta amaieran. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, azken orduetan hegoaldekoa. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi igoko dira".

Larunbatean, "goizaldean zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Gainerako orduetan zerua tarteka hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egin lezake. Hego-haizea, arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldekoa. Tenperatura minimoak gutxi igo eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko dezakezue.