2025. urteko aurrekontuetarako proposamena lantzen ari da udal-gobernua, eta horren berri emateko bilera-erronda bat iragarri du. Urriaren 29tik azaroaren 12ra bitartean, bederatzi bilera antolatu ditu. "Tokian tokiko gaiez hitz egiteko ere baliatuko ditugu saiook, eta bakoitzeko auzotarrentzat ez ezik, herritar guztientzat irekiak dira". Erronda honen ondoren, eta okerrik ez bada, udal aurrekontuak hasieraz onartuko dira azaroko osoko bilkuran.
Tokian tokiko proiektuak aztertuko dira
2025eko aurrekontuez gain, bileretan landuko diren beste gai batzuk ere jakinarazi dituzte. Zenbait gai herri-auzoei oso lotuak dira, baina beste batzuk herritar guztientzako interesgarriak izan daitezkeela uste du udal-gobernuak. "Beraz, bilera horien izaera irekia" nabarmendu nahi du. "Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailua edo Santuenea eta Zubieta lotuko dituen bidegorria horren adibide izan daitezke", udal iturriek aditzera eman dutenez.
Herri-auzoa |
Gaiak |
Eguna |
Aginaga. Eliza Zaharra. |
Eliza Zaharra, alagunea, semaforoak. |
Urriak 29 |
Kalezar. Pelaioenea. |
Belmonte kalearen trafikoa. |
Urriak 29 |
Santuenea. Frontoiko lokala. |
Auzoko sarreraren berrantolaketa eta autobus geltokia. |
Urriak 30 |
Munalurra. Eguzki. |
|
Urriak 30 |
Txokoalde. Txokoargi. |
Altzonazko zubiaren obra. |
Azaroak 5 |
Atxegalde. Udarregiko jangela. |
|
Azaroak 5 |
Etxealdia. Potxoenea. |
Igogailua eta irisgarritasun plana. |
Azaroak 6 |
Zubieta. Kaxkape. |
Bidegorriaren proiektua. |
Azaroak 7 |
Kaxkoa. Potxoenea. |
|
Azaroak 12 |
Oharra: Bilera guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.
"Oposizioko alderdiek ere ekarpenak egiteko tartea izango dute"
2025eko aurrekontuak azaroko osoko bilkuran onartzea da udal-gobernuaren asmoa: hala, abenduan jendaurrean izan, eta 2025 hasieran martxan egoteko moduan egon daitezen. Herri-auzoetako bilerekin batera, oposizioko alderdiek ere tartea izango dute proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko.