"Sagar eta Sagardo Kultura"

Sagar dultzearen eskaintza zabalean trebatzen

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 17a, 19:16

"Sagar eta sagardo kultura" zikloaren baitan, sagar dultzeari buruzko tailerra eskaini dute ostegun arratsalde honetan bi herrikideek Aitzaga elkartean.

Ostegun euritsu honetarako plan ezin gozoagoa; aterpe goxoan, lagunartean, sukaldearen bueltan biltzea, hitzordu ezin gozogoaren bueltan. Izan ere, "sagar dultzea" prestatzen ikasteko trebakuntza saio interesgarri askoa eskaini dute gaur, urriaren 17an, Aitzaga elkartean.

"Sagar eta Sagardo Kultura" zikloaren baitan, Alkartasuna kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak antolaturiko hitzordura batu da herritar talde bat, bi herrikideek, Mila Pagolak eta Marije Goldarazenak gidaturiko saiora. Sagar ezberdinekin eginiko jakiak ikusgai jartzeaz gain, sukaldatzeko erak azaldu dituzte, bertaraturikoen jakinmina asetzearekin batera.

Alkartasuna Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak udazken parte honetarako antolaturiko "Sagar eta Sagardo Kultura" zikloaren baitan, bi hitzordu iragarri dituzte aste honetarako. Lehenengoa zen gaurkoa. Hurrengoa, iganderako, urriaren 20rako iragarri dute; bertso-ibilaldia sagastietan barrena. Hemen dituzue xehetasunak:

Sagar eta Sagardo Kultura
Urriak 20, igandea
10:00-13:00 Aginagako frontoitik abiatuta, bertso ibilaldia sagastietan barrena, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Jakoba Errekondoren azalpenekin.
Aginagako frontoia.

Urriak 24, osteguna
18:00-19:30 "Izotz sagardoa zer da?" ikastaroa eta dastaketa Aginagako Eliza Zaharrean.
Bideratzailea: Egoitz Zapiain sagardogilea.

Azaroak 14, osteguna
18:00-19:30 "Sagastien bioaniztasuna: sagarrondoek zein bizilagun dituzte?" saioa.
Bideratzailea: Iñaki Sanz Azkue.

Azaroak 28, osteguna
18:00-20:00 "Sagardo Kluba: Bizio sagardogilearekin dastaketa komentatua", Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.

Izen-ematea: sagardoa@ni.eus / 630 938 027.
Antolatzaileak: Sagardoaren Unibertsitatea; Alkartasuna Kooperatiba; Usurbil Sagarraren Bihotza, Sagardoaren Kultura.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala; Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.