Buruntzaldeko 16. Ibilbideen Eguna

Eskualdea sakonago ezagutzeko aukera igandean

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 18a, 08:00

Hamaseigarren edizioa iganderako, urriaren 20rako iragarri dute antolatzaileek. Eskualdeko bideetan barrena, gertuen ditugun txoko ederrez gozatzeko aukera izango da.

Tipi-tapa eskualdeko bideetan barrena, hurbilen ditugun paisaiez gozatzeko aukera ederra izango dugu urriaren 20an, Buruntzaldeko Ibilbideen Egunari esker. "Lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den jarduera fisikoa egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu", azaldu zuten antolatzaileek, hamaseigarren edizio hau aurkezteko duela astebete eginiko agerraldian.

Bost ibilbide izango ditugu aukeran hilaren 20an, 8:00-14:00 artean osatu ahalko ditugunak, "landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta  baserri, baseliza, karobi eta natura nahiz kultura aldetik interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz".

Botilarik gabekoa
Inoizko edizio jasangarriena izango da aurtengoa. Izan ere, berrikuntza nabarmen bat izango du. Oraingoan, ez dute ur botilarik zerbitzatuko. Honenbestez, nork berea eraman beharko du eta bidean izango dituen iturrietan bete ahalko du urez.

Bada bestelako nobedaderik ere. Navi Ruta izeneko aplikazioa berritu dute. Honenbestez, berriz instalatu beharko da telefono mugikorrentzako aplikazio hau. Tresna digital horri esker, gogoan izan, "Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango du informazioa" kokapenari, jarraitu beharreko norabideari edota interesguneei buruzkoa.

Ohi bezala, bidean kontrol guneak egongo dira, anoa eta itzulerarako autobus zerbitzua Aginaga eta Urnieta artean, 12:00-14:00 artean. Zerbitzu horren ibilbidea eta ordutegia, geltokietan izango duzue ikusgai.

Antolatzaileek ekimen hau bideratzen lagundu dutenei eskerrak helarazi dizkiete.

Xehetasun gehiago dituzue segidan:

BURUNTZALDEKO IBILBIDEEN 16. EGUNA
Eguna: urriak 20, igandea.
Ordua: 8:00-14:00.
Kontrolak, anoa eta argibideak eskainiko diren postuak ezarriko dituzte herri guztietan:
Andoainen eta Urnietan: herriko plazan.
Lasarte-Orian: Elizatze plazan.
Usurbilen: Santueneko bidegurutzean eta Aginagako Mapil baserri ondoan.

Bideetako seinaleztapena, udalerri bakoitzaren kolorean: Andoain urdina, Lasarte-Oria urre zaharra, Urnieta berdea eta Usurbil laranja. Udalerri guztietan bideei buruzko informazio panelak.

Ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA.
Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

Lagungarria: Navi Ruta izeneko aplikazioa dago, telefono mugikorrentzat egokia dena; honen bidez Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango duen informazioa (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak…) jaso ahal izango da. Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarriak dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira edota herri bakoitzari dagokion klabea ipini. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aplikazio hori lehendik deskargatua dutenek berriz instalatu beharko dute, egin zaizkion berrikuntzak direla eta.
Andoain: 125
Lasarte: 123
Usurbil: 126
Urnieta: 124

Itzulerarako autobus zerbitzua:  geltokietan jarriko dute autobus ordutegia eta ibilbidea, bestela hemen duzue:
-Aginaga, Ezpaldiko gasolindegia: 12:00, 13:00, 14:00.
-Usurbil, San Inazioko biribilgunea: 12:07, 13:07, 14:07.
-Lasarte-Oria, Dorretxeko biribilgunea: 12:15, 13:15, 14:15.
-Andoain, Goikoplaza atzealdea: 12:30, 13:30, 14:30.
-Urnieta, Kiosko geltokia: 12:40, 13:40, 14:40.
Oharra: autobus zerbitzua baliatzeko ibilbidearen abiapuntuan jasotako txartela zigilatua aurkeztu beharko da.

Antolatzaileak: Buruntzaldeko udaletako kirol zerbitzuak (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil).
Laguntzaileak: Euskalduna Mendigoizale Elkartea (Andoain), Ostadar S.K.T. mendizaleen eta Ipar Martxa sailak (Lasarte-Oria), Super Amara.
Informazio gehiagora, kiroldegietan:
Andoain: 943 30 01 47.
Lasarte-Oria: 943 37 61 82.
Urnieta: 943 00 83 28.
Usurbil: 943 37 24 98.