NOAUA! K.E.

Galtzear diren bizimodu eta bideetan barrena bidaiatu dute bart Sutegin bildutakoek

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 19a, 11:21

Oskar Alegriaren "Zinzindurrunkarratz" filma proiektatu zuen NOAUA! Kultur Elkarteak ostiral iluntzean. Zuzendariarekin solasean aritzeko tartea izan zen proiekzio amaieran.

Bidaia bat marrazten du Oskar Alegriak zuzenduriko "Zinzindurrunkarratz" ikus-entzunezkoak; oroitzapenena, galtzear diren bide eta bizimoduena; transhumantziarena. Isiltasunak eta doluak bat egiten duten bidearena. Bart ikusteko aukera izan zuten, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik, Sutegiko auditoriora joandakoek. 

Paolo astoarekin Alegriak bere aitonaren garaiko bidean barrena bidaiatzen du, bere arbasoenean, etxean ondo kontserbatua zuten Super 8 kamera batekin. Garai bateko baliabide horretatik jasotako irudi bilduma da "Zinzindurrunkarratz".

Hitz baztertuak
Aldez aurretik, areto berean Alegriaren "Emak Bakia" (2012) edota "Zumiriki" (2019) ere ikusteko aukera izan ondotik, bi sorkuntza lanok atzoko filmarekin zuten lotura ere bat ere nabarmendu zuen zuzendariak; edukiaz gain, izenburuena. Izan ere, hitz baztertuak argitara ekartzeko ahalegina egin nahi izan du Alegriak.

Aipatzekoa film honen sorkuntza taldean herrikide batek parte hartu duela, postprodukzio lanetan hain zuzen; Luis Jambrinak.