650 Usurbil Bizi

Memoriari eskainitako ibilaldia, datozen bisita gidatuen artean

Noaua Aldizkaria 2024ko aza. 8a, 10:09

650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitan hainbat bisita gidatu programatu dira hurrengo asteotarako, larunbat honetatik bertatik hasita.

Abendura arte bisita gidatuen eskaintzaren berri emana du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Programazio horren baitan, herri ondarea nahiz Usurbilen abian diren proiektu eradaltzaile eta aitzindariak ezagutzeko hitzorduak dituzue; herriko kaleetako sorkuntza, Salbatore elizako ondarea, hondakinen kudeaketa edoza herri hau lantzen doan zaintza ekosistema berria ezagutzeko ibilaldiak. Eskaintza honi guztiari batu zaio baita, 1936ko gerrak herrian utziko arrastoa bistaratzen duen "gerraren memoria" izeneko ibilaldi gidatua. Larunbat honetan, azaroaren 10ean osatu ahalko dena berriz.

Gipuzkoako Ondarearen Europako Jardunaldien baitan txertatuak dituzte, bestalde, urriko hainbat ekitaldirekin egin bezalaxe, azaroaren 24ko Usurbil Museo Irekia bisita gidatua baita azaroaren 23ko Salbatore Eliza eta ondarea ezagutzeko bisita gidatua ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan Europako Jardunaldiak sustaturiko programa honek "Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du. Aurtengoan jardunaldiek erakutsiko dute trukeek nola eraiki duten kultura-ondarea eta nola jarraitzen duten gaur egun ere eraikitzen".

109 ekitaldi iragarri dira 31 udalerrietan, "Kulturaren bideak" aldarripean; bisita iruzkinduak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, scape roomak… Zenbait hitzordu Usurbilen. Hemen duzue jardunaldi hauei buruzko egitarau osoa: "Ondarearen Europako Jardunaldiak".

650 Usurbil Bizi, datozen bisita gidatuak
Azaroak 10, igandea
11:30-13:00 Gerraren Memoria ibilbidea.

Azaroak 23, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Azaroak 24, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua.

Azaroak 28, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Azaroak 29, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Abenduak 7, larunbata
12:00-13:30 Salbatore Elizaren ondarea ezagutzeko bisita gidatua.

Abenduak 8, igandea
12:00-13:00 Museo Irekia bisita gidatua.

Abenduak 19, osteguna
10:00-11:00 'Zero Zabor' bisita gidatua.

Abenduak 20, ostirala
10:00-11:15 'Zaintzaren Usurbil' bisita gidatua.

Informazio gehiago eta izen-emateak: 650usurbilbizi.eus