Zaintza arreta eredua, eraldatze betean

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 20a, 11:18

Herri zaintzaileagoa izateko bidean da Usurbil, orain arteko zaintza arretaren eredua eraldatzeko azken urteotan egindako hausnarketari eta lanketari esker. Barnetik, hurbiletik bizitzen ari da prozesu hau Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuetako lantaldea. Haiekin izan da NOAUA!.

Herri hau egiten ari den bide horren helburua argia dela adierazi diote NOAUA!ri; "hausnarketa horretatik nola egin dezakegun pertsonen bizi egoerak eta bizi-kalitatea ho-betzea". Argi diote, eredu horren "ardatz nagusia, pertsona erdigunean jartzea da, bere nahiei eta beharrei erantzuteko". Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegik edota handik hurbil, belaunaldiarteko etxebizitza komunitario Txirikordak zaintza ekosistema berria irudikatzen laguntzen duten moduan, baliabideoz gain, hainbat egitasmo abiarazi dituzte; merkataritza edo jai zaintzaileagoen alde bideratu duten lanketa hor da, astearteroko ibilbide osasuntsuen "goazen kalera" egitasmoa... Egun, aurreko urteetan definituriko bideorrian zehaztutako "ildoak eta helburuak" jorratzen ari dira.

Herritik, herriarekin
Argi diote, erronka hau gizar-te osoarena da. "Hasiera batean irudikatzen zen zerbitzu, baliabide eta profesionalen koordinazio lan baten moduan, baina hortik herri zaintzailera igarotzen joan gara", gaineratu dute. Hori hala izateko, eredu honen gizarteratzea gakotzat jotzen dute, "ulertzea zertaz ari garen eta zergatik uste dugun egokiagoa dela jendea horrela artatzea. Argi dugu pertsonentzat onuragarria izango dela". Horretan dihardute, ikusgarri egiten. "Herri mailan, zaintza eta zaintzak dituen erpin guztiak mahaigaineratzeak, ikusgarri egiteak hausnarketa sustatzen du herrian. Azkenean, une batean edo bestean denoi egokitzen zaigu zainduak izatea edo zaintzea. Elkar zaintzak gure bizitzetan suposatzen duen guztiak, nola nahiko zenukeen zaindua izan eta horrek dakarren guztia gizarteratzeak garrantzia du. Eragiten du ez bakarrik zuregan pentsatzea, baizik eta baita besteengan ere; zeinek zainduko nau, nola zainduko nau, zer nolako baldintzetan...".

Horregatik, Usurbil herri zaintzaile izateko egiten ari den prozesu sakon eta luze honetan, argi dute, "gure eredua ez da erakunde edo enpresekin bakarrik eraiki nahi. Herritik eraikitzea, herriarekin batera, hori da erronka nagusia".

Lantaldeetan
Hasieratik hau guztia ahalbidetu duten hainbat lantalde dituzte jardunean. Prozesu honen lidergotza daraman gizarte zerbitzuekin batera, "jende dezente ari da lanean". Jardunean dituzten languneen artean dira, zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten eragileena, komunitatean eragiten diharduen bilgunea, gizarte zerbitzuen eta anbulatorioaren arteko koordinazioa bideratzen duen langune soziosanitarioa edota "prozesua bere osotasunean baloratu eta egokitzapenak egitea" sustatzen duen talde estrategikoa.

Eraldaketa betean
"Gu ere ikasten ari gara", adierazi digute gizarte zerbitzuetako langileek. Eraldaketa betean dira, eginiko lanketa hau guztia, urteotako bide-orria "inplementatu eta sistematizatzeko tresnak sortzen eta lantzen. Pertsonak beharretik soilik ez, haien bizi proiektu eta nahietatik artatzen saiatzen. Horrek bultzatzen du, adibidez, artatu beharreko pertsonei eginiko galderak desberdinak izatea", baita era koordinatuan lan egitea ere. Horretarako, ordea, "lanketa handia egin behar da, orain arteko lan egiteko modu batzuei bueltatxo bat eman behar zaio". Eraldaketa hau gizarteratu nahi dute. "Nahi duguna da egiten ari garen lanketa hau eragileek, gugana datozenek ere ulertzea eta horretarako hainbat kontu partekatzetik abiatu behar dugu". Bizi-planen kontzeptua jarri digute adibide gisa. Izan ere, gizarte zerbitzuetara "datoz bizi-plan baten irudikatzea baino gehiago, une zehatz batean zaintzarekiko duten arazoari irtenbide bat emateko baliabide edo laguntza bila; larri batzuetan, familiartean dituzten baliabideekin egoera gehiago sostengatu ezin dutenean".

Hortxe kokatu nahi dute hain zuzen, guztion artean hedatu nahi duten hausnarketa: zaintza arreta, oinarrizko zaintza beharretatik haratago doan kontzeptu zabalagoa dela ulertzea, "gizarte zerbitzuetara datozenean ez ikustea gu baliabide hornitzaile soil gisa. Gizarte langileak ez gara soilik zerbitzuak kudeatzen dituzten profesionalak, akonpainamendu bat egiten dugu".

Komunitatea lehentasun
Atzera bueltarik gabeko prozesua da honakoa, ziurtatu digutenez. "Sinetsiak gaude jendearentzat honek bizi-kalitatean onurak ekartzen eta ekarriko dituela". Baina elkarrizketan zehar sarritan aipatu duten moduan, hau dena gizarteratzen segitzea ezinbestekotzat jotzen dute. Izan ere, orain arteko "zaintza eredu familista" eraldatzen doa, gizartea zaharkitzen eta zaintza beharra areagotzen ari da. Eraldaketa bide horretan, erronka bat baino gehiago dituzte; zaintzan dihardutenen lan baldintzak duintzea hainbat kasutan eta duinak diren kasu batzuetan eredu berrira egokitzeko gehitu diren zereginen aitortza. Bestalde, komunitatea indartzearen garrantzia azpimarratu digute; "komunitateak egin dezakeena guk egiten ari garen bizi plan horiekin nola uztartu, nola egin daitekeen aztertzea, zeinek eta nola parte hartu behar duen zehaztea".

Komunitatea hain zuzen, prozesu horretako languneetako bat da. Hori indartu eta komunitateaz ari garela "zaintza nola txertatu gizarteko esparru guztietan", horretan eragin nahi dute. Gainerako bilguneak ere indartu nahi dituzte, haietako bat berriz martxan jartzearekin batera. "Senideek zer esan asko dute honetan guztian. Haiek galdu genituen prozesuan uneren batean. Ez da erraza, baina langune hori berreskuratzeko ahaleginean ari gara". Zaintzaile profesionalen langunea ere sortu nahi dute. Jada "emakume migratuekin lanketa egiten hasi gara, zerikusi zuzena dutelako", gizarte zerbitzuen lantaldetik NOAUA!ri aditzera eman diotenez.

"Bidean goaz"
Gizonezkoak ere interpelatu nahi dituzte oraindik guztiz feminizatua dagoen zaintzaren alor zabal honetan inplikatzera. Izan ere, "prozesu honetan parte hartzen ari garenak nagusiki emakumeak gara". Aldatuko ez den beste erronka bat, tokikotasunarena. "Usurbilen eta Usurbilgo errealitatetik eta Usurbilgo errealitatera begira ari gara lanean. Zer nolako herri zaintzailea den eta izango den prozesu honetan dabiltzanon artean osatuko dugu. Usurbilgo tokiko ekosistema da hau, hemengoa, hemengo herritarren eta zerbitzuen ekarpenetatik eraikitakoa". Eta abiapuntutik hona sortutako galderei erantzuten segi nahi dute aurrerantzean ere; "zer nolako gizartea sortu nahi dugun" mahaigaineratzen jarraitu nahi dute. Izan ere, "gizarte osoari, beste gune desberdinetan ukitzen dio zaintzaren gaiak; esaterako, belaunaldiartekotasuna lantzerako orduan, aniztasuna, berdintasuna, lan-baldintzen erronka...".

Bide horretan sortzen diren galderei erantzuten ahalegindu nahi dute. "Hasi ginenetik bide-orri bat genuen, egokitzen eta osatzen goazena. Gaian sakondu ahala, gai eta galdera gehiago ditugu mahai gainean". Argi dioten moduan, dimentsio handikoa da Usurbil eraldatzen doan zaintza arreta eredua, guztiok zeharkatzen gaituena. Garrantzitsuena, ordea, nabarmendu dutenez, hauxe; atzera bueltarik gabe, "bidean goaz".


"Egurtzegin pertsona dago erdigunean"
Herri hau eraldatzen doan zaintza ekosistemaren ispilua da Egurtzegi, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berria. Inauguratu zutenetik uztailean lehen urtea bete zuen aipatu eremuak. Bertako zuzendari Jaione Artiedarekin bildu da hedabide hau.

"Urte oso polita izan da, ilusioz beterikoa, emozio polit askokoa", adierazi dio NOAUA!ri Egurtzegiko zuzendari Jaione Artiedak. Iazko urte amaieratik, urte hasiera honetatik eremua martxan dute, "normaltasun osoz ari gara". Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuetako lan taldeak azaldu moduan, orain arteko zaintza eredua iraultzeko herri honek eginiko lana txalotu du. "Lan handia dago egina eta hori goraipatzekoa da". Lanketa hori gabe, gaineratu duenez, "ez dut uste hain erraz hau dena sortuko zenik". Egurtzegiko irekieratik urtebetera, behin baino gehiagotan ziurtatu digunez, "sinergia handiak sor daitezke, proiektu handi bat da". Jorratzeke den bide luzeaz jabetuta, "pausoak poliki" ematearen garrantzia nabarmendu du, herri zaintzaileagoa izateko bidean esperimentatuz aldaketak finkatzen joatea; "hau ez da esprinta, iraupen-lasterketa bat baizik". Herri honetan egindakoak, Artiedaren esanetan, "ezin du salbuespena izan. Eskubide bat da". Zaintza ereduan ematen ari den eraldaketak gogorarazi digunez, "beti izan beharko du begirada pertsonengan jarrita", Egurtzegin egunerokoan egiten duten moduan. Zaintzadun etxebizitzen auzunean, "nahi duguna da egoiliarrak sentitzea hemen bertan bizi direla, haiena egitea lekua", etxean bizitzen egongo balira bezala. Ez haiek bakarrik, denok; "gizarte osoak ulertu behar du hau bizitzeko toki bat dela", edozein dela ere zergatia, jatorrizko bizilekutik irten behar dutenentzat. Bizilekuotan, "pertsona dago erdigunean bere behar eta nahiekin, berak du protagonismo osoa" eta bere bueltan, zaintza sarea; profesionalak nahiz bere hurbileko sare soziala. Zaintza sare honetako kide "denon artean talde lanean aritu behar gara, batera joan behar gara", nabarmendu dio hedabide honi Egurtzegiko zuzendariak. Ildo horretan, adierazi duenez, "hemen, zaindua den pertsonaren sare soziala bertan egon daiteke, zaintza gurekin batera ematen. Pertsonak hona dakarren sare soziala guretzat oso garrantzitsua da".

Komunitatean
Horrez gain, baita komunitate baten parte direla sentiaraztea ere. Izan ere, garai bateko eraikin isolatu eta sarritan hesituen irudi hori hautsi du Egurtzegik. Hartueman oso politak sortzen ari dira hain zuzen. "Herriko jende asko gerturatzen da. Arrasaldeetan familiak etortzen dira", Artiedak nabarmendu duenez. Jaietan zenbait ekitaldik ere eremu hau izan zuten geltokietako bat. "Haur eskolatik hona etortzen dira hamaiketakoa egin eta jolastera. Udarregi ikastolarekin iaztik hartuemanetan gara, Esperientzia Eskolakoekin ere bai. Lanbide Heziketakoak etorri dira". Horiek denak, Artiedaren esanetan, "adibideak baino ez dira, sinergia gehiago ari dira sortzen". Urrunagotik etorritakoak ere sarri ari dira bisitatzen Egurtzegi. "Ikusmin handia dago ez soilik sektore barruan. Elkarteak, fundazioak... etortzen dira. Bisiten eskaera piloa jasotzen ari gara. Bertatik bertara ikusi nahi dute. Erakargarria zaie" Usurbil jorratzen ari den bidea.

"Izan dadila hau bidea"
Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzueko lan taldeak eginiko aurreikuspen bera egin digu baita Artiedak. Zaintza beharra handitzen joango da etorkizun ez oso urrunean. "Ez gara kontziente geure bizitza une batetik bestera alda daitekeela eta erabat dependiente izan gaitezkeela. Etapa hau ez dugu ikusi nahi". Horregatik, dio herri hau egiten ari den eraldaketa prozesuak ezin duela hemen geratu. "Gatozen errealitatetik pauso handiak eman dira. Askoz gehiago dugu egiteke, baina izan dadila hau bidea".