Buruntzaldeko 16. Ibilbideen Eguna

Ibiltarien mugimendu nabaria eskualdeeko bideetan

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 20a, 12:08

Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna dugu gaurkoa eskualdean. Ibiltarien joan-etorria nabaria da inguruko bideotan.

Ariketa fisikoa eginez, eskualdeko paisaia eta txokoak ibilian hobekiago ezagutzeko aukera aparta izaten ari da batentzat baino gehiagorentzat igande goiz parte hau. Izan ere, Buruntzaldeko 16. Ibilbideen Eguna antolatu dute Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek eragile gehiagorekin lankidetzan.

Uda giroko eguna esnatu zaigu, laino artean, baina prezipitazio arriskurik ez da. Ibiltarien joan-etorria nabaria izaten ari da eskualdeetako bideetan barrena azken orduotan. Alkartasuna kooperatibak Aginagako sagar eta sagardo paisaian eta kulturan barrena antolatua zuen bertso-ibilaldiarekin hainbat ibiltari talde gurutzatu dira.

Antolakuntzak Mapilen jarria zuen, kontrol guneetako bat, bestea Santueneko zubiaren ondoan. Bertan zeuden bolondresen esanetan, nabaritu dute ibiltarien joan-etorria. Usurbildik ondoko udalerrietara baino mugakide diren herrietatik gure artera parte hartzaile gehiago hurbildu direla aditzera eman dute. Eguerdirako espero zuten, halere, parte hartzaileen mugimendu handiena.

Bost ibilbide osatzeko gonbita egina du gaurko Buruntzaldeko Ibilbideen Eguneko antolakuntzak aipaturiko lau udalerrietan barrena. Halere, noiznahi egin daitezke ibilaldiok. Izan ere, eskualdeko bideetan zehar hainbat informazio eta argibide panel dituzue, aplikazio bat ere bai, aurtengoan berritu dutena, bidelagun gisa har dezakezuena. Segidan dituzue xehetasunak:

Buruntzaldean barrena
Bideetako seinaleztapena, udalerri bakoitzaren kolorean:
Andoain urdina, Lasarte-Oria urre zaharra, Urnieta berdea eta Usurbil laranja. Udalerri guztietan bideei buruzko informazio panelak.

Ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA.
Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

Lagungarria: Navi Ruta izeneko aplikazioa dago, telefono mugikorrentzat egokia dena; honen bidez Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango duen informazioa (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak…) jaso ahal izango da. Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarriak dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira edota herri bakoitzari dagokion klabea ipini. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aplikazio hori lehendik deskargatua dutenek berriz instalatu beharko dute, egin zaizkion berrikuntzak direla eta.
Andoain: 125
Lasarte: 123
Usurbil: 126
Urnieta: 124