Palestinako genozidioa geldiarazteko mobilizazio eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 21a, 07:15

Palestinar herriaren aurkako genozidioa geldiarazteko mobilizazio eguna deitua du gaurko Gernika Palestina Herri Ekimenak arratsaldeko 19:00etan udaletxe atarietan.

Euskal Herri luze zabalean mobilizazio eguna deitua du Gernika Palestina herri ekimenak gaurko, Palestinako genozidioa geldiarazteko. Goizean zehar, lantoki eta ikastetxeetan bideratuko dira protesta ekintzak, arratsaldeko 19:00etan udaletxe atarietan. Usurbilen ere Ernai gazte antolakundeak bat egin du deialdiarekin. "Ez diezaiogun utzi Palestinaz hitz egiteari!", adierazi dute sare sozialen bidez. Horren harira, iragarri dutenez, "Usurbilgo gazteok ere gaurko elkarretaratzean izango gara".

Berehalako su-eten eskaera
"Masiboki mobilizatu beharra dugu, indarrak bateratu Euskal Herrian eta mundu osoan; gizarte zibila aktibatu genozidioa geldiarazteko, irtenbide justua aldarrikatzeko eta aldi berean, esperantzari bidea zabaltzeko", adierazi zuten hilabete hasieran gaurko mobilizazioa aurkezteko Gernika Palestina Herri Ekimenak bildutako eragile sozial, sindikal eta politikoek eginiko agerraldian. Horregatik, herritarrak gaur Euskal Herri osoan deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. "Iaz, Donostian egindako lehen mobilizazio handiaren urteurrenean, euskal gizartea urriaren 21ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu".

Mobilizazio hauen bidez berehalako su-etena aldarrikatuko da, israeldarren okupazio koloniala amaitzea exijitzearekin batera. Mendebaldeko herrialdeei Israelekin duten arma eta baliabide militarren salerosketa etetea galdegingo da. Palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatu eta aitortzea ere aldarrikatuko da, inolako herrialdeen injerentziarik gabe. Elkarrizketa eta negoziazioa dira deitzaileen esanetan, egoera krudel honekin amaitzeko bitarteko nagusiak, bake justu, egonkor eta iraunkorra erdiesteko. Horretarako, oinarrizkotzat jotzen dute nazioarteko komunitatearen parte hartze aktiboa.

Deitzaileen esanetan, "bidegurutze historiko baten aurrean gara. Une erabakigarria da gizateriarentzat eta justiziazko eta esperantzazko etorkizuna eraikitzeko apustua egin behar dugu. Ezin dugu isildu. Genozidioa stop! Gerrarik ez, euskal gizartea historiaren alde egokian dagoelako, bakearen, justiziaren eta gizateariaren alde".