Genozidioa geldiaraztea eskatu eta bakea, justizia eta itxaropena aldarrikatu dituzte Palestinarentzat

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 21a, 20:42

Gernika-Palestina Herri Ekimenak Euskal Herri osoan deitutako mobilizazioekin bat egin du Usurbilgo herriak ere.

Arratsaldeko 19:00ak jotzerako alarma hotsak hartu du Usurbilgo udaletxe ataria. Herritarrak biltzen joan dira, ordu berean, Euskal Herriko beste hainbat udalerrietan egin bezalaxe. Izan ere, plazetatik milaka lagunek gaur palestinar herriaren aurkako genozidioa geraraztea eskatu dute.

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitu ditu elkarretaratze guztiok eta hauekin bat egin du baita Usurbilgo herriak. "Genozidioari stop! Bakea. Justizia. Itxaropena" aldarripean bildu dira herritarrak udaletxe atarian. Mobilizazioaren lehen zatia alarma hotsen artean egin dute, bigarrena erabateko isiltasunpean.

Palestinar herria pairatzen ari denaz ahots baten kontakizunak osatu du deialdiko azken txanpa. "Entzungor egin dezaket. Zergatik da hain erraza entzungor egitea? Genozidioa milaka kilometrora ere entzun beharko litzateke".

Palestinar herria pairatzen ari dena, genozidioa ote den auzitan jartzen duenari zuzendua honakoa zioen. "Zelan ez dela genozidioa? Zelan ezetz, errefuxiatu eremuak ari direnean bonbardatzen?".

Etorkizuneko belaunaldiak hartu ditu ahotan, haiek jasoko duten mundua. "Galdetuko dute zelan utzi zuten hori gertatzerik? Zelan utzi genuen? Zelan ari ote gara uzten? Ikasiko al dugu? Zergatik ez dugu honez gero ikasi? Beti da beranduegi eta horrexegatik hau da unea".


Berehalako su-eten eskaera
"Masiboki mobilizatu beharra dugu, indarrak bateratu Euskal Herrian eta mundu osoan; gizarte zibila aktibatu genozidioa geldiarazteko, irtenbide justua aldarrikatzeko eta aldi berean, esperantzari bidea zabaltzeko", adierazi zuten hilabete hasieran gaurko mobilizazioa aurkezteko Gernika Palestina Herri Ekimenak bildutako eragile sozial, sindikal eta politikoek eginiko agerraldian. Horregatik, herritarrak gaur Euskal Herri osoan deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. "Iaz, Donostian egindako lehen mobilizazio handiaren urteurrenean, euskal gizartea urriaren 21ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu".

Mobilizazio hauen bidez berehalako su-etena aldarrikatu da, israeldarren okupazio koloniala amaitzea exijitzearekin batera. Mendebaldeko herrialdeei Israelekin duten arma eta baliabide militarren salerosketa etetea galdegin da. Palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatu eta aitortzea ere aldarrikatu da, inolako herrialdeen injerentziarik gabe. Elkarrizketa eta negoziazioa dira deitzaileen esanetan, egoera krudel honekin amaitzeko bitarteko nagusiak, bake justu, egonkor eta iraunkorra erdiesteko. Horretarako, oinarrizkotzat jotzen dute nazioarteko komunitatearen parte hartze aktiboa.

Deitzaileen esanetan, "bidegurutze historiko baten aurrean gara. Une erabakigarria da gizateriarentzat eta justiziazko eta esperantzazko etorkizuna eraikitzeko apustua egin behar dugu. Ezin dugu isildu. Genozidioa stop! Gerrarik ez, euskal gizartea historiaren alde egokian dagoelako, bakearen, justiziaren eta gizateariaren alde".