Urtean bitan izaten da Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintza sostengatu eta tokiko ekoizpena sustatzen laguntzeko aukera; udaberri partean lehenik, kontserba-sortak eta oliba-olio birjina eskuragarri jartzen duen “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainaren bidez eta orain, ostegun honetatik, urriaren 24tik aurrera martxan jarriko duten “Agerreko uzta euskarari puzka” ekimenaren bidez. Azaroaren 14ra arte hain zuzen, Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko produktuez osaturiko saskiak eskatzeko aukera izango duzue errigora.eus bidez nahiz beste urte batez, ekimenarekin bat egin duen NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Hauek dira aukeran izango dituzuen saskiak:
-Beltza (55 euro): piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaran mantekatuak.
-Berdea (65 euro): piperrak, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo-ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, teila eko eta haritz ardo beltza.
-Gorria (75 euro): ardo apartsua Rosé, ardo beltza kriantza, ardo txuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molineritoak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi-gazta.
Oharra: saskiarekin batera, 5 euroren truke “Agertuz” karta-jokoa eskuratzeko aukera.
Elkartasuna
Gogoan izan, erosketa hauen truke jasotako laguntzaren laurdena bertako euskalgintzara bideratuko dute. “Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio”.