Hirugarren ediziora helduta, Booktegi jaialdia finkatzen doan hitzordua da?
Goizeko Elkarri Irakurriz solasaldiak eta ipuin bildumak baietz uste dut. Laugarren urtea da egiten duguna, hirugarren aldia Usurbilen. Lagun askok esan digute ekintza horrek funtsa duela eta ni ere horrekin ados nago. Arratsaldeko eskaintza aldakorragoa da, baina aurtengo eskaintza ere oso polita da, publiko guztientzat gainera. Euskal kulturaren festa bat da, lagunartekoa. Ondo pasa nahi baduzue, etor zaitezte!
Herritarren parte hartzea aipatzekoa da baita antolakuntzan ere.
Hiru erakunde aipatu nahi nituzke. NOAUA! K.E. eta Sutegi udal liburutegia eta bi erakunde hauen lana eta bultzada, poesia itzulerari dagokionean. Hor parte hartzaile gehienak usurbildarrak izaten dira. Udarregi ikastola ere aipatu nahi dut. Aurten, arratsaldean, poesia dramatizatua izango dugu Sutegin.
Poesia itzuleran, aurten, bada aldaketarik ezta?
Aurreko bi urteetan, besteek hautatu zituzten poemak irakurtzea zen helburua. Aurten, aldiz, erabaki dugu nahi duenak nork berea hautatu eta jendaurrean irakurtzea. Askotan pentsatzen da poesia irakurtzea ekintza elitista dela. Gure ikuspuntua kontrakoa da, poesia aitzakia da jendea elkartu eta gauzak partekatzeko.
Hori izan zen Booktegi egitasmoa jaialdi bilakatu zuena?
Bai. Duela bi urte, bosgarren urteurrena izan zen eta ospatu nahi genuen. Udalak eskuzabalik hartu zuen proposamena. Jendea etorri eta gozatu zuela ikusita, antolatzen jarraitzea erabaki dugu.
Zerri erantzun nahi izan dio sorreratik Booktegik?
Bi ardatz ditu Booktegik: literatura eskuragarri egotea guztiontzat eta doan. Bestalde, idazle askorentzat ez dago argitaratzeko aukerarik kostuengatik eta liburu zahar asko apaletan geratzen dira eta batzuetan eskuratzea ere zaila da irakurleontzat. Horiek irakurgarri jartzea da Booktegiren lanetako bat.
Erakusleiho horretan agertzeko, zeintzuk dira irizpideak?
Euskara txukuna izatea, ondo idatzita izatea edota balizko irakurle batzuk irudikatzea eta arrazakeria eta matxismo eta bestelako gauza onartezinik ez izatea. Booktegi sortu ostetik plazaratu ditugu 300 liburu baino gehiago eta ezezkoa hamar bat aldiz emango genuen soilik.
Balizko irakurle horren profilik irudikatzen joan zarete?
Hilero 4.000 pertsona inguru (ez bisitak) hurbiltzen dira Booktegira. Zeintzuk diren? Hori ezin dugu jakin. Imajinatzen dugu euskaldunak direla, gehienak emakumezkoak kultur ekintza gehienetan hurbildutako gehienak hala direlako.
Zer nolakoa da zuen urteko dinamika?
Duela gutxira arte, astero liburu bat argitaratzen genuen. Lasaitu egin gara pixka bat, liburu funtsa badugu eta orain batez ere jasotzen duguna argitaratzen dugu. Horrekin batera, Elkarri Irakurriz ekintzarako ipuinak eskatzen ditugu. Horri buruzko solasaldiak izango ditugu hilaren 26an. Solasaldien inguruan bideo asko ere egin ditugu. Saio berri bat ere prestatzen ari gara, "Literatura urratsez urrats" izenekoa, bidaiak eta euskal literatura klasikoa uztartuko dituena.
Booktegi.eus-en sartuta, euskal sortzaile asko ageri dira. Nolakoa da hartuemana?
Booktegirekin oso eskuzabal ibili dira ehunka sortzaile, oso pozgarria da. Hastapenetan, Booktegik zerbait proposatzen bazion sortzaile horrek ez zuen Booktegi ezagutuko eta beharbada ezetz esango luke horregatik. Gaur egun, aldiz, iruditzen zait, sortzaile gehienek ezagutuko dutela edo behintzat entzunda izango dutela eta, orduan, baiezkoa jasotzea errazagoa da egun.
Nola sustatzen duzue irakurzaletasuna?
Hori da gure helburu nagusia. Ez soilik liburuekin, audio eta bideoekin ere saiatzen gara hori egiten. Guztiok istorioak partekatzen ditugu etengabe. Ondo pasatzeko, gure burua garatzeko modu bat da.
Dena oso azkar irentsi eta ahazten dugun testuinguruan nola kokatzen da zuena bezalako egitasmo bat?
Guztiok hori pentsatzen dugu, baina telesail luzeak gehienok ikusten ditugu eta plazer handiz. Bestalde, poemak nahiko laburrak dira, beraz, hau izan liteke poesiaren garaia.
Balizko irakurleen artean bada aipatzeko moduko eraldakaterik?
Euskal literaturan, 40 urte baino gutxiago dituzten idazleen erdia baino gehiago emakumezkoak dira. Beraz, iruditzen zait euskal literatura jasotzen ari dela bultzada oso handi bat emakume horien aldetik. Askatasun oso zabala dago gaiak jorratzerakoan.
Noiz hasi zinen literaturarekin harremantzen?
Gure amonak literatura ikasi zuen duela mende bat Birminghameko unibertsitatean. Aitzindaria izan zen. Duela mende bat unibertsitatean ikastea ez zen ohikoa emakume batentzat. Beraz, familiarengandik datorkit, ez dut meriturik. Txikitatik liburuak oso estimatuak ziren, liburuetan istorio piloa zegoela banekien. Halakoetan, gainera, gure aldetik zerbait ematen dugu, irudimena eta hori partekatzea. Liburu elektronikoaren erabilera ezak eta liburu asko argitaratu gabe edo behin argitaratu eta hor geratzen zirela ikusita, gabezia horiek uztartzeko aukera ikusi nuen Booktegin. Haien gordelekua da.
Nola bizi duzu euskara, egun?
Duela hogei urte euskaldun bat ezagutu, euskal gramatikarekin liluratua geratu eta jakin nuen ikasi behar nuela. Euskaltegi, barnetegi eta lagunartean ikasi dut, batez ere Donostian. Duela hiru urte hona etorri nintzen bizitzera eta une horretan beste ikasketa prozesu bat abiatu zen; Usurbilgo euskara ulertzea. Gehiago eta hobeto ulertzen dut orain. Jasotako laguntzarekin plazer hutsa da euskara ikastea.
Nola sentitu zara harrera herri izateko lanean ari den Usurbilen?
Nire esperientziatik pribilegio hutsa izan da. Hona etorri baino lehen, lagunak banituen Usurbilen. Beraz, oso babestua, ongi etorria sentitu naiz hasieratik. Badakit "HarEman" izeneko egitasmoa egon dela martxan. Zoragarria iruditzen zait.
Nola da zuretzat duela hiru urtetik bizileku duzun herria erakustea, 650 Usurbil Bizi egitasmoko gida gisa?
Oso pozik bizitzen ari naiz. Niretzat oso aukera polita da herria eta herritar gehiago ezagutzeko. Ardura sentitzen dut noski.