Musikarekin hartueman zuzena izan du. Urte luzez aritu zen, musikaz jaiak edota ospakizunak girotzen, besteek sortutakoa jendartearekin partekatzen. Sortzailearen azalean sartu da orain.
Iñaki Larrañaga herrikideari buruz ari gara, "DJ Larra" ezagunaz. NOAUA!ren kolaboratzaile izandakoak kanta berri bat sortu eta plazaratu du egunotan. Gaurkotasunik galduko ez duen izenburua darama; "Bizi".
Abestiari, gainera, bideoklipa erantsi dio. Bera agertzen da, bidelagun izan duen Dani Iglesias kitarra irakaslea eta musika ekoizlearekin batera. Sorkuntza prozesua, bere eguneroko bizimodua; lantoki duen Kaffa. Belaunaldi gazteena ere berarekin abesten ageri da. Bizitzari gorazarre egiten dion sorkuntza lana duzue.
Lankidetzan
Abesti honen hitzak Larrañagarenak berarenak eta ikus-entzunezkoan ageri den Unai Muñoarenak dira. Aipatu moduan, musika ekoizpenaz Dani Iglesias arduratu da. Bideogintzaz Rodrigo Mota eta Ekaitz Bauza.
Kanta nola, nondik sortu duen, xehetasun oro laster NOAUA!ri eskainiko dion elkarrizketan izango dituzue. Momentuz, hemen duzue ikusgai eta entzungai, abestia eta kanta ilustratzen duen ikus-entzunezkoa, albiste honi atxikitako bideoan.