Poesia irakurtaldian trebatzen, Booktegiren jaialdiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2024ko urr. 24a, 10:41

Argazkia: Etumeta AEK euskaltegia.

Yolanda Arrietak eskainitako ikastaroan parte hartzeko aukera izan dute egunotan Etumeta AEK euskaltegiko ikasleek, Booktegi jaialdiaren atarian.

Bi egun baino ez, euskarazko literatura guztion esku jartzen diharduen Booktegi egitasmoaren jaialdirako. Letren egun handia izango da etzikoa, hilaren 26koa Usurbilen. Goizetik gauera, euskarazko sorkuntzaz formatu ezberdinetan gozatzeko aukera izango da, hirugarren urtez segidan, udalerri honetan ospatuko den hitzorduari esker.

Antolatuak dauden ekitaldien artean, bada bat herritarren parte hartzea sustatu ohi duena, poesia itzulerarena. Norberak hautatutako poema edo besteena jendaurrean irakurri eta horrekin kate modukoa osatzean oinarritzen da.

Larunbateko programazioan txertatua dagoen ekitaldiaren, eta, orohar, Booktegi jaialdiaren atarian, poesia irakurtaldiak egiteko trebakuntza saioa antolatu dute egunotan Etumeta AEK euskaltegian. Maila ezberdinetan euskalduntzen ari diren ikasleek parte hartu zuten, Yolanda Arrietak gidaturiko ikastaroan. "Olerkiak ozen irakurtzeko aholkuak emandakoan, laster asko jarri zituen Yolandak ikasleak lanean! Hor aritu ziren irakurri eta irakurri, poesiaren mamiari ondo heldu nahian", berri eman du euskaltegiak sarean duen blogaren bidez. Atari horretatik esker ona adierazi nahi izan diote saio honen bideratzaileari. "Mila-mila esker, Yolanda, zure pasioa guztioi transmitzeagatik!".

Ikasturtea abiatu berritan
2024-25 ikasturtea hasi berritan izan dute hitzordu hau. "Lehen asteotan ikasle eta irakasleok elkar ezagutu dugu eta taldearen helburuak eta nondik norakoak zehaztu ondoren, buru-belarri jarri gara lanean koaderno eta boligrafoekin. Dena den, hizkuntza erabiltzeko denez, herriarekin loturiko lehen ekintza izan dugu Yolanda Arrietaren bisitarekin".

Etumeta AEK euskaltegiaren berri bideotatik jaso ahalko duzue:
https://blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek
Kale Nagusia 43 behea
usurbil@aek.eus
607 609 379

Hona hemen, larunbateko Booktegi jaialdirako iragarritako ekintza sorta:

Booktegi Jaialdia
Urriak 26, larunbata
Anfitrioia: Itxaro Borda.
Zumarte Musika Eskolan:
10:30 Elkarri irakurriz (mailegua*): Maddi Ane Txoperena, Goizalde Landabaso eta Ainhoa Urien. Moderatzailea: Maitane Perez.
"Gai baten harira hiru idazlek ipuin bana idatziko dute. Ipuinak haien artean eta booktegi.eus webgunean partekatuko dituzte, elkar irakurri ondoren ipuinei buruz solasaldi ireki batean parte hartzeko. Beste hiru idazlek gauza bera egingo dute beste gai baten harira. Eta horrela, hariak hari, korapilatuz, elkar irakurriz, partekatuz, elkar solastuz arituko dira, bertaratu nahi duten guztiekin batera".
11:30 Poesia itzulera.
"Euskal poema bat aukeratu eta beste batek aukeratutakoa -edo zuk hautatutakoa- irakurriaz osatuko dugu itzulera. Eman izena Sutegi liburutegian eta zure poema biblioteka@usurbil.eus helbidera bidali".
12:30 Geuretik Sortuak.
"Udalbiltzak Geuretik Sortuak kontatzea eta geure historiak sortzea du helburu, euskaratik eta euskaraz, lau diziplina artistikoren bidez: komikigintza, literatura, antzerkigintza eta zinemagintza".
13:30 Elkarri irakurriz (Oparia*): Maialen Akizu, Oier Guillan eta Nerea Loiola. Moderatzailea: Maitane Perez.

Sutegin:
16:30 Poesia dramatizatua: Udarregi ikastola.
"Ikastolako LH 5. mailako ikasleek olerki errezitaldia eta ipuinen irakurketa egingo dute taldeka, narratzaile eta pertsonaia ezberdinen ahotsak dramatizatuz. Ahozko hizkuntza indartzea dugu helburu, landutako teknika eta baliabide ezberdinak ardatz hartuta".
17:30 "Hamalau" antzezlana: Mikel Martinez.
"Hamalaugarren solairua. Terraza bat. Gizon bat dago bertan. Notarioa da eta bezero baten zain dago. Hain zuzen ere, bezero horren buruhilketa edo suizidioa egiaztatzera joan da: Balkonig inbertso bat, tirabuzoi bikoitzaz, estilo Picadilly Circus; koxka txiki berri bat Suizidioen Historia Harrigarrian eta Internazional Suizidistaren fundaziorako ekitaldia. Suizida, baina, berandutzen ari da…".
18:00 Hitzak aurrekari: Ainhoa Urien, Oihana Iguaran, Iruri Altzerreka.
19:00 Kontzertua: Habiak Taldea.
"Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte, eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko".
20:00 Dantzaldia frontoian: Esther Sound Sister DJ.

Informazio gehiago: booktegi.eus

Antolatzailea: Booktegi.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Antza, NOAUA! K.E.