Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea galdegiteko hileroko azken ostirala bueltan da eta harekin, Sarek deitu ohi duen elkarretaratzea gaur, urriaren 25ean, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.
"Behin betiko" dinamika
Urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestaziora begirako dinamika aurkeztu zuen Usurbilgo Sarek iraileko mobilizazioan. "Behin betiko", horixe izango da Sarek urtarrilaren 11n Bilbon deitu duen manifestazio nazionaleko aldarri nagusia. "Bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak behin betiko irekitzeko unea dela eskatzera gatoz. Azken hilabeteetan hasitako bidea jarraitu eta euskal gizartearen gehiengoa batzen gaituen giza eskubideak errespetatuz, euskal presoen auziari behin betiko aterabidea eman behar zaiola aldarrikatzera gatoz".
Aldarrikapen hau plazaratzen jarraituko dute udazken osoan zehar. Aipatu moduan, urtarrilaren 11n Bilbon, "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza", aldarripean egingo den mobilizaziora begira da Sare. "Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak beteko ditugu urtero egin ohi dugun gisan, euskal gizartearen gehiengoak erakutsi ohi duen moduan, euskal presoen auziaren konponbidea zein biolentzia ezberdinen biktimen errekonozimendua berehala eta behin betiko iritsi dadila eskatzeko".
Ordura arte, datozen deialdiei adi egotea eskatu du Usurbilgo Sarek. "Denon artean lortuko dugu konponbideari eta elkarbizitzari behin betiko ateak irekitzea".
"Konponbide integral bat erdiestea"
Ildo beretik, Euskal Herri mailako Sarek gogorarazi duenez, "azken hamar urte hauetan, konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan direla SAREren ezaugarri nagusiak, eta halaxe izango direla aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako".
Prozesu honetan, premiazkotzat jotzen du Sarek "behin betiko irtenbide justua ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei".
Saretik gogorarazi dutenez, "helburu hori lortzea gu guztion kontua da. ESKUBIDEEZ ari gara. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara eta hori da hain zuzen ere euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena".
Hemen duzue Sareren urtarrileko Bilboko manifestazio jendetsurako kartela: